Txikipedia:Korana
Korana musulmanen liburu sakratua da. Islamaren arabera, Mahomak Alaren (Jainkoaren) hitzak jaso zituen 20 urtez, Korana Alaren benetako hitza da eta baita oinarrizko araua ere Islameko gizarte, erlijio eta lege gaietan.
Korana arabieraz idatzita dago eta sura izeneko 114 ataletan banatuta dago. Islamaren arabera, Mahomak Alaren lehengo ikustaldia K.a 610. urtean izan zuen. Noizean behin Jainkoaren mezu gehiago jaso omen zituen, 632. urtean hil zen arte. Mahomak eta bere jarraitzaileek mezuak buruz ikasten zituzten, baita batzuetan idatzi ere. Mahoma hil eta hurrengo urtean, Korana buruz zekien jende asko borroka batean hil zuten. Korana galduko zen beldur, musulmanek mezuak bildu eta idatziz gorde zituzten.
Zer dio Koranak?
Mahoma bizi izan zen garaian, arabiarrek jainko asko gurtzen zituzten. Koranak Ala Jainko bakarra dela azpimarratzen du. Alak Mahomari emandako mezua promesa eta abisua da aldi berean; alde batetik abisua da, Jainko bakarrean sinisteari uko egiten diotenentzat. Eta bestetik, Alak agindutakoa betetzen dutenentzat, betirako bizitzaren promesa da.
Hildakoen berpiztea Koranaren gai garrantzitsuetako bat da. Beste gaien artean, aingeru eta deabruak edo zerua eta infernua daude. Ezkontza eta dibortzio legeei buruzko atalak ere badaude. Beste atal batzuetan, berriz, umeenganako gurasoen betebeharrak, zerbitzarienganako nagusien betebeharrak eta pobreenganako aberatsen betebeharrak zehazten dira. Koranak profeten eta Biblian agertzen diren pertsonaien inguruko kontakizunak ere biltzen ditu.