Txikipedia:Koordenatu geografikoen sistema
Koordenatu geografikoak Lurreko edozein puntu adierazteko erabiltzen den sistema da. Bi lekuren arteko distantzia kalkulatzeko, edota pertsona, hiri edo mendi bat non dagoen zehazteko kokapen sistema bat da, mundu osoan erabiltzen dena.
Lurreko puntu baten kokapena zehazteko, zenbaki eta letra multzo bat erabiltzen da, Lurreko paralelo eta meridianoetan oinarrituta; horretarako, bi erreferentzia erabiltzen dituzte:
Latitudea
Latitudeak bi poloen arteko irudizko marra bertikal batean (meridianoan), Lurreko puntu bat marra bertikal edo meridiano horren zein lekutan dagoen adierazten du. Bi aukera daude: leku hori Ekuatoretik iparralde edo ipar hemisferioan egotea edo hegoalde edo hego hemisferioan egotea. Hori adierazteko, koordenatuetan I eta H laburdurak erabiltzen dira euskaraz, eta N eta S nazioartean.
Latitudea Lur planetako edozein punturen eta ekuatorearen artean dagoen distantzia da; baina distantzia hori ez da adierazten kilometrotan, baizik eta gradu, minutu eta segundotan. Latitudea 0 eta 90 gradu artekoa izan daiteke, bai iparralderantz bai hegoalderantz: Ekuatoreak 0 graduko (0°) latitudea du; Ipar Poloak 90 gradu (90°) iparraldera dago, eta Hego Poloa 90 gradu (90°) hegoaldera. Tropikoak, aldiz, 23 graduko (23°) latitudea dute, bakoitzari dagokion hemisferioan.
Longitudea
Longitudea Lurreko puntu bat Greenwich-eko meridianotik puntu horretara dagoen distantzia da; distantzia hau ere adierazten da graduak, minutuak eta segundoak erabiliz. Horren arabera, puntu hori 0 longitudetik mendebaldera (ezkerretara) edo ekialdera (eskuinera) egon daiteke, eta, horregatik, M eta E laburdurak erabiltzen dira euskaraz, eta W eta E nazioartean. Longitudea, aldiz, 0 eta 180 gradu artekoa bakarrik izan daiteke.
Greenwicheko meridianoak 0 °ko longitudea du, eta, horregatik, 0 meridianoa ere deitzen zaio. Haren kontrako meridianoak (Lurraren bestaldean dagoenak), beraz, 180°ko longitudea du. Poloek ez dute longituderik.
Nola erabiltzen dira?
Lurreko edozein punturen kokapena adieraz daiteke koordenatu geografikoen bitartez. Horretarako, honako pauso hauek eman behar dira:
- Lehendabizi, bilatu behar da puntu hori Ekuatorearen gainean (iparraldean) edo azpian (hegoaldean) dagoen, eta, zehazki, Ekuatoretik zenbat gradutara dagoen. Horrela, adierazi nahi dugun puntua Ekuatoretik gora badago eta, zehazki, 42 gradu, 49 minutu eta 00 segundotara badago, esaten da 42° 49' 00″ I latitudean dagoela.
- Ondoren, bilatu behar da Lurreko puntu hori 0 meridiano edo Greenwich-eko meridianotik eskuinera (ekialdean) ala ezkerrera (mendebaldean) dagoen eta, zehazki, o meridiano horretatik zenbat gradutara dagoen. Horrela, adierazi nahi dugun puntua 0 meridianotik ezkerrera eta 1 gradu, 39 minutu eta 00 segundotara badago, orduan esaten da 20° 39' 00″ M longitudean dagoela.
Era honetara, beraz, puntu horren koordenatu geografikoak 42° 49' 00″ I 20° 39' 00″ M dira. Koordinatu horiek, bide batez, Iruñearenak dira.
Azkenik, alderantziz ere egin daiteke; hau da, puntu batek mapan duen kokapena aurkitu koordenatuetatik abiatuta. Horrela, adibideko latitude eta longitude zehatzak ematen badizkigute, mapa horretan Iruñea kokatzen asmatuko dugu.