Txikipedia:Kontzentrazio-esparru

Kontzentrazio-esparru bat jendea giltzapetzeko lekua da, batez ere gerra garaian erabilia. Alanbre-hesiz inguratuta eta soldaduek zelatatuta egoten da jendea bertan. Ez dira kartzelak bezain eraikin handiak, hesitutako guneak baizik, kanpin-dendak edo txabola zein pabiloi soilak dituztenak presoak aterpetzeko. Gaur egun, termino hori Bigarren Mundu Gerran alemanek sortutako kontzentrazio-esparruei buruz hitz egitean erabiltzen da gehienbat. Bertan, jendeari apropos ematen zizkioten tratu txarrak, eta hil ere egiten zituzten.

Auschwitzeko kontzentrazio eta sarraski esparrua.

Hasieran beste herrialde batzuetako gerrako presoak giltzapetzeko erabiltzen ziren esparru horiek. Gainera, herrialdeek gerran zehar esparruak sortu zituzten inondik inora soldaduak ez ziren pertsonentzat, gerratik ihesi zihoazen emakume eta umeentzat besteak beste.

Preso-esparru horiek munduko herrialde askotan egon ohi ziren, normalean diktaduretan. Bertan, estatuak zelatatu eta torturatu egiten zituen agintariei gustatzen ez zitzaizkien pertsonak, edozein arrazoi zela kausa. Arrazoi horietako batzuk izan zitezkeen diktaduraren aurka protesta egitea edo agintariek herrialdean nahi ez zuten erlijioren baten partaide izatea. Sobietar Batasunean, esaterako, “gulag” izeneko guneak zeuden herrialde osoan, eta jende asko hil zen bertan. Gaur egun ere existitzen dira antzeko esparruak herrialde batzuetan.  

Zer ziren kontzentrazio-esparruak nazismoaren garaian?

1933an, naziek eta haien aldekoek hartu zuten boterea Alemanian. Hasieran kontzentrazio-esparruak bereziki nazien politiken aurka zeudenentzat ezarri zituzten. Aspaldiko gaizkileak ere kartzelaratzen zituzten bertan: gaizkile batek, lehendabizi, bere zigorra bete behar zuen kartzelan, eta kontzentrazio-esparru batera bidaltzen zuten gero.

Printzipioz kontzentrazio-esparruen helburua presoak hezi eta pertsona on bilakatzea bazen ere, tratu txarrak ematen zizkieten. Bortxazko lanak egitera behartu, janari txarra eman, jo, torturatu eta hil ere egiten zituzten.

Juduak eta ijitoak ere bidali zituzten kontzentrazio-esparruetara, baita homosexualak eta Jehovaren Lekukoak ere. Bigarren Mundu Gerraren ostean jende asko ez zen ausartzen esatera kontzentrazio-esparru batean egon zela, oraindik bazegoelako, esaterako, ijitoen eta homosexualen aurkako gorrotoa.

Sarraski-esparruak

Anne Franken omenezko oroitarria, Bergen-Belsengo kontzentrazio-esparruan.

Hasieran, Adolf Hitlerren gobernu naziak judu oro Alemaniatik desagertzea nahi zuen. Geroago, Bigarren Mundu Gerran, Alemaniako armadak Europako herrialde asko konkistatu zituen.

Naziek ehunka mila judu deportatu zituzten kontzentrazio-esparruetara. Deportatu asko hil ziren egoera txarraren, janari faltaren, hotzaren, bortxazko lanen eta tratu txarren ondorioz. Nazien ustez, ordea, azkarrago hil behar ziren, eta juduak fusilatzeko edo bestela hiltzeko agindu zuten. Gas pozoitsuarekin hil zituzten asko. Jazarritako pertsonak beste esparru batzuetatik kontzentrazio-esparru handietara eraman zituzten tren-bagoi estuetan. Esparru horiei sarraski-esparru ere deitzen zaie. Europako juduen hilketari Holokausto edo Shoah deritzo.

Zer geratzen da kontzentrazio-esparruetatik?

Diotenez, Bigarren Mundu Gerran zehar 40.000 kontzentrazio-esparru baino gehiago egon ziren Europan. Alemania osoan zeuden, baita okupatutako lurraldeetan ere. Txikiak ziren haietako asko, esparru handiagoei laguntzeko. Alemaniako esparru handi ezagunen artean daude Buchenwald, Dachau eta Bergen-Belsen.

Alabaina, gaur egun esparru alemanik ezagunena Auschwitzeko sarraski-esparrua da seguruenik; Krakovia hiritik gertu dago, gaur egungo Polonian. Milioi bat pertsona baino gehiago hil zituzten bertan 1941 eta 1945 artean. Jendeak Auschwitz esan ohi du Holokausto osoari erreferentzia egiteko.

Kanpamentu asko bota egin zituzten, edo beste gauza batzuetarako erabili, txikienak batez ere. Sarri, naziek nahita suntsitzen zituzten esparruak, haien krimenen probarik ez uzteko. Esparru asko museoak edo oroimenerako lekuak dira gaur egun. Bisitariak jasotzen dituzte, eta bertan gertatu zena azaltzen diete. Kontzentrazio-esparruetako instalazio askok bertan jarraitzen dute. Gainera, argazkiak, bideoak, eta soinu-grabazioak ere badaude. Bizirik atera diren biktimen istorioak entzun daitezke bertan. Horrela, munduak haien esperientziak ez ahaztea lortzen da.


This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.