Txikipedia:Konstelazio
Konstelazioak zeruan ikusten ditugun izar multzo batzuk dira, itxuraz elkarren ondoan daudenak eta halako forma bat osatzen dutenak.
Gauez izar ugari ikusten ditugu, haietako batzuk distiratsuagoak; batzuetan, distira handia duten izar batzuk elkarrengandik hurbil daudela iruditzen zaizkigu, eta, beti distantzia berera daudenez, jendeak betidanik lotu ditu izar horiek irudimenarekin. Horrela, irudi finko batzuk ikusi dituzte, gaueko zeruan erraz aurkitzeko modukoak.
Aspaldiko zibilizazioak hasi ziren horrelako irudiak ikusten zeruan; antzinako babiloniarrak eta egipziarrak, adibidez.
Adibidez, Pleiadeak deitzen dugun konstelazioan, aspaldiko astronomo Sumertarrentzat, haien zazpi jainko garrantzitsuenen irudia ziren; Biblian, aldiz, uso baten forma dutela esaten da. Ptolomeo izeneko astronomo greziar zaharrak 36 konstelazio bereizi zituen, bai eta zodiakoko 12 konstelazioak ere.
Bestalde, munduaren historian izan diren kultura desberdin askok ikusi dituzte konstelazioak zeruan; baina ez berdinak. Hasteko, konstelazio desberdinak ikusten dira ipar hemisferioan eta hego hemisferioan.
Zer esanahi dute konstelazioek?
Munduaren gure zatian, konstelazio bakoitzak, gainera, halako kondaira bat izaten du. Aspaldiko gizakiek animaliak, landareak, pertsonak, jainkoak edo gauzak ikusten zituzten izarren multzoetan. Eta istorioak edo kondairak asmatzen zituzten haientzat. Guretzat, ezagunenak antzinako Grezia eta Erromatik iritsi zaizkigun mitoak eta kondairak dira.
Bestalde, astronomiarentzat ere bazuten beren erabilgarritasuna; zerua behatzeko edo ikertzeko tresna modernorik ez zuten garaian, errazago zen horrela izar-multzo horiek aurkitzea eta identifikatzea. Konstelazio bakoitza zeruaren zati batean aurkitzen zen.
Horrela sortu zen zodiakoa; zeru-zati bat da, zerrenda moduko bat, Lurraren inguruan aurkitzen duguna. Hamabi ataletan banatu dugu; urtearen zati bakoitzean, atal horietako bat ikusten da, Lurra bere orbitan mugitzen jarraitzen duelako, eguzkiaren jiran egiten duen bidaian. Atal bakoitzari bere kostelazioaren izena ematen zaio: zodiakoko zeinuak dira.
Gure mendebaldeko kulturan, Zodiakoko zeinuak hamabi dira:
- Aries (aharia)
- Taurus (zezena)
- Gemini (bikiak)
- Cancer (karramarroa)
- Leo (lehoia)
- Virgo (birjina)
- Libra (balantza)
- Scorpio (eskorpioia)
- Sagittarius (arkularia)
- Capricornus (erdi arrain erdi ahuntza)
- Aquarius (urketaria)
- Piscis (arraina)
Batzuek sinesten dute gutako bakoitzak izaera desberdina duela jaio den urteko egunaren arabera; edo, bestela esanda, bakoitzaren zodiakoko zeinuaren arabera. Eta batzuek sinesten dute zeinu horrek eragina duela gure bizitzan gertatzen zaizkigun gauzetan ere; horoskopoetan esaten dira gauza horiek, adibidez. Baina, noski, ez dute inolako oinarri zientifikorik.