Txikipedia:Koliseoa

Koliseoa Italiako Erroman dagoen antzinako anfiteatro bat da. Antzinako Erromatik iritsi zaigun monumenturik bikainena eta Erroma hiriaren ikurra da. UNESCOren Munduko Ondarearen Zerrendan sartu zen 1980an, eta 2007an Munduko Zazpi Mirari Berrien artean ere sartu zuten.

Erromako Koliseoa, gauez.

Gure aroko 72. urtean hasi ziren eraikitzeko lanak Vespasiano enperadorearen agintaldian, eta 80. urtean amaitu, Tito enperadorearen agintaldian. Beraz, hamar urte baina gutxiagoan egin zuten. Harriz eta zementuz egina dago, eta Erroma zaharreko arkitektura eta ingeniaritza lanik bikainenetako bat da.

Munduan den anfiteatrorik handiena ere bada: bere garaian, 50.000 eta 70.000 bitarte ikusle bil zitezkeen bere barruan. Jatorrizko eraikinak 52 metroko altuera zuen eta lau maila zituen; lehen hirurek 80 arku zituzten, pilare handi batzuetan sostengatuta, eta arku bakoitzean estatua handi bana zegoen; laugarren mailak horma itxi bat zeukan. Horma horretan, zurezko habe handi batzuk zeuden inguru guztian, oihal handi batzuei eusteko; oihal horiek ikusleak eguzkitik babesteko ixten ziren, enperadoreen itsasontzietako 100 marinelen indarra erabiliz.

Bertan, gladiatore-borrokak eta ikuskizun publikoak egiten ziren: naumakia edo itsasontzi-borrokak, animalien ehiza, exekuzioak, bataila ospetsuen antzezpenak eta mitologia klasikoan oinarritutako antzezlanak, adibidez. Ikuskizun horiek oso araututa zeuden: goizean, animalien arteko edo gladiatore baten eta animalia baten arteko borrokak zeuden; bazkalorduan, heriotzerako kondenak exekutatzen ziren eta arratsaldean gladiatoreen arteko borrokak egiten ziren.

   Ba al dakizu   
"Koliseo" izena latinezko "Colossus" (erraldoia) hitzetik dator, gertu zegoen Neron enperadorearen brontzezko estatua erraldoi bat, 30 metroko altura zuena, zegoelako anfiteatrotik gertu

Lurpeko bi solairu zeuden harearen azpian, eta bertan igogailu batzuk erabiltzen ziren, gladiadoreei, animaliei eta jokoetan erabilitako makinei hondarrean sartzen uzteko, eta hau benetako efektu berezi eta sorpresa bat zen.

Lurrikaren ondorioz eta bere harriak historian zehar beste hainbat eraikinetarako erabiliak izan ondoren, oso kaltetua dago; baina, hala ere, antzinako erromatarren arkitekturaren eraikinen artean hobekien kontserbatzen direnetako bat da, eta gaur egun Erromako turismoaren puntu bisitatuenetako bat da. Oraindik oso lotua dago Eliza Katolikoari, eta, horren ondorioz, Aita Santuak berak parte hartzen du Ostiral Santu egunean bertaraino egiten den prozesioan.

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.