Txikipedia:Klima polar
Klima polarra Artikoan eta Antartikan dagoen klima mota da. Hotz handia egiten du urte osoan. Hilabeterik beroena beti dago 10° C-tik behera, eta, beraz, gizakiaren presentzia oso mugatua da.
Zergatik da hain hotza?
Eskualde polarretan, Lurraren errotazio-ardatzaren inklinazioaren ondorioz, gau polarrak zenbait hilabete irauten du (urte erdia arte poloetan). Beraz, eguzkiaren beroak gutxi irauten du. Gainera, eskualde horietan eguzki-izpiak oso zeiharrak dira, hau da, oso inklinatuta iristen dira, eta bero gutxi ematen dute. Neguan, lurraren erradiazioa oso indartsua da, lurrak beroa galtzen du eta ez du berreskuratzen. Haize oso bortitzek, gainera, tenperatura jaisten laguntzen dute.
Antartika izotz geruza lodi batez estalitako kontinentea da, eta izotzak airea hozten du. Presio handiko gunea denez, haize oso hotzak sortarazten ditu eta aire ozeaniko epelagoaren iristera eragozten du.
Prezipitazio gutxi
Eskualde polarretan prezipitazioak urriak dira (ez dago itsasoko ura lurruntzerik hotzaren ondorioz, itsasoko ura ez da lurruntzen, eta ohikoena izotz trinkoa izatea da) eta batez ere elur moduan erortzen dira. Gainera, urtearen zati handi batean egoten diren presio altuen eraginez, inguruko ozeanoetako depresioak (hezeagoak) nekez iristen dira eskualde hauetara.
Tenperatura baxuen ondorioz, elurra oso gutxi urtzen da eta pixkanaka izotz bihurtzen da. Eskualde polarren zati bat estaltzen duten kasko polarrak, itsasora iristen direnean, pitzatu egiten dira, eta izotz-blokeak edo izozmendiak (ur gezatakoak) ozeanoen gainean flotatzen dira, pixkanaka urtzen direlarik. Oso arriskutsuak dira itsas nabigaziorako.
Bitxitasun zenbait
- Artikoan, Europako iparraldean eta Siberiako mendebaldean, neguko tenperaturak ez dira -20° C-tik jaisten, eta udak nahiko hezeak dira.
- Kanadako iparraldeak eta Siberiako ekialdeak neguko tenperatura oso baxuak dituzte (-40° C batez beste urtarrilean eta urtearen erdia baino gehiago -10° C baino gutxiago). Oso inguru lehorra izaten da, prezipitazio gutxikoa, hodeiak sor ditzaketen masa ozeanikoen urruntasuna dela eta.
- Antartikan urtarrila da hilabeterik beroena: Hego Zirkulu Polarrean, 0° C-koa da batez bestekoa. Bertan erregistratu da tenperatura baxuena (-92° C). Ozeano Atlantikoa etengabe izoztuta dago eskualde horietan, eta bankisa deitzen den izotz-geruza batek estaltzen du.