Txikipedia:Klima mediterraneo
Klima mediterraneoa Mediterraneo itsasoaren arroan eta kontinenteetako mendebaldeko kostalde batzuetan dago, 30° eta 45° arteko latitudean aurkitzen da. Izena Mediterraneo itsasotik datorkio, izan ere, bertan klima mota hori da tipikoa. Geografikoki gehiago hedatzen da, eta gune horietaz gain, planetako beste eremu batzuetan ere klima hau dugu, eremuen artean tenperatura-bitarteak daudela. Klima mota hau Kalifornian, Hego Afrikako eta Txileko alderdi batean, eta Australiako kostaldean dago.
Nolakoa da?
Tenperaturek ez dute aldaketa handirik izaten urtean zehar, 0 °C tik gorakoak, batez beste; neguak epelak eta euritsuak dira itsasoaren eraginez, udak lehorrak eta beroak, eta udazkenak eta udaberriak aldakorrak tenperatura eta prezipitazioei dagokienez.
Ez du euri askorik egiten; udan ia bat ere ez: hori da klima honetako ezaugarririk garrantzitsuena. Euri urriaren ondorioz, lurralde mediterraneoetako ibaiek emari urria eta irregularra dute. Udan ur gutxi daramate, eta batzuk lehor ere badaude, baina, udan euririk egin gabe egon ondoren, ohikoa da udazkenean ekaitz gogorrak eta euri-jasa handiak erortzea eta horrek uholdeak eragitea.
Nolakoa da paisaia?
Paisaia nagusia baso mediterraneoa da, zuhaitz hosto iraunkorrekin (arteak, txorkoak, gurbitzak, eukaliptoak), baita zuhaixka eta landare usaintsuz (txilarra, ezkaia, erromeroa, etab.) osatutako oihanpeekin. Gizakiaren eraginak gehien eraldatutako paisaietako bat da.
Klima honetako zonetan “Mediterraneoko trilogia” deiturikoa hazi izan da tradizioz: garia, mahatsondoa eta olibondoa. Azken hori klima mota honetako zonetan soilik landatzen den zuhaitza da. Gune hauetan laborantza ureztatua oso garatuta dago, eta fruta (laranjak, limoiak, abrikotak, mertxikak, gereziak, aranak, mizpirak, etab.) zein barazki (tomateak, patatak, alberjiniak, kuiatxoak, tipulak, baratxuriak, azenarioak, etab.) kopuru handiak ekoizten dira. Lehendik aipatutako olibondoa eta almendrondo eta algarroboak bezalako beste espezie batzuk lehorreko laborantzan landatzen dira.
Paisaia hauetako fauna aberatsa da belarjaleetan (oreinak, untxiak, oreinak eta abar) eta haragijaleetan (katamotzak, azeriak, hontzak...). Garrantzi berezia izaten dute lurralde mediterraneoek, hegazti migratzaileek nahitaez igaro behar dutelako eremu tropikaletatik eremu epelagoetara eta alderantziz.