Txikipedia:Klima kontinental
Klima kontinentala itsasotik urrun dauden lurraldeetako klima da. Kontinenteen erdialdean edo barrualdean izaten dute, itsasoaren eragina iristen ez den lekuetan; kontuan izan behar da nolako eragina izaten duen itsasoak inguruko lurraldeen kliman: itsasoa polikiago berotzen eta hozten da lehorreko lurraldeak baino, eta, horregatik, itsasbazterreko lurraldeetan, tenperaturaren gorabeherak txikiagoak izaten dira; hau da, ez beroa eta ez hotza ere ez dira oso handiak izaten, eta, gainera, euri gehiago egiten du.
Klima kontinentala Lurreko ipar hemisferioan gertatzen da batez ere, Ipar Amerikan (Kanada eta Alaskan), erdialdeko eta ekialdeko Europako barrualdeko lurraldeetan, eta Asiako iparraldean (Siberian), baina ez Ipar Polotik hurbil. Eurasiako estepak eta Ipar Amerikako zabaldiek izaten dute klima mota hau.
Nolakoa da?
Itsasoaren eragin leungarri hori ez dagoenez, tenperaturak gorabehera oso handiak izaten ditu urte-sasoi batetik bestera; hau da, neguak luzeak eta oso hotzak izan daitezke, lehorrak baina elur ugarirekin, eta udak, aldiz, laburrak eta oso beroak. Gainera, itsasoaren hezetasuna iristen ez denez gero, prezipitazio gutxiago egoten da, batez ere euri gutxiago, eta uda aldean bakarrik.
Erdibideko urtaroak (udaberria eta udazkena) labur samarrak izaten dira eta, beraz, azkar pasatzen da neguko hotz handietatik udako bero handietara. Neguko hotza Artikotik iritsitako aire polarrak sortzen du; eta udako beroa, aldiz, lurra oso azkar berotzen delako, itsasoaren freskotasuna eta hezetasuna iristen ez direlako.
Neguak oso hotzak direnez, askotan ibaiak eta laku edo aintzirak izoztu egiten dira, izotz-geruza lodi batez.
Nolakoak izaten dira paisaiak?
Paisaia-motak aldatu egiten dira latitudearen arabera:
- Iparralderago dauden lurraldeetan, koniferoz (pinuak, izeiak) osatutako baso borealak eta taiga dira nagusi. Taigaren paisaiak itxura gris, ilun eta monotonoa du, zuhaitzak elkarren artean oso pilatuta hazten direlako haize indartsuetatik babesteko. Neguan elurte handiak jasaten dituzte. Zuhaitz horien sustraiak luzeak eta sakontasun gutxikoak dira. Horrela, hostoen mantenugaiak eta lurrera erortzen diren landare-hondarrak hobeto aprobetxatzen dituzte, taigaren zoruak pobreak baitira.
- Hegoalderago, berriz, belar altuko eta ia zuhaitzik gabeko belardi edo estepa epel zabalak daude (Ipar Amerikako Ordoki Handietako belardiak, Argentinako panpa, Eurasia erdialdeko estepak eta Australiako basamortu ingurukoak).
Lurralde hauetako ohiko fauna otsoak, hartzak, karraskariak (katagorriak eta mendiko erbiak) eta belarjale-talde handiak (oreinak, alzeak eta bisonteak) dira, zabaldi handi horietan mugitzen direnak.