Txikipedia:Klima
Klima deitzen diogu halako leku jakin batean urtean zehar egiten duen eguraldiari, haren ezaugarriak eta aldaketak kontuan hartuz, beti ere epe luzeak erabiliz neurtuta. Bestalde, klimatologia da klima aztertzen duen zientzia.
Klima aztertzean, hainbat fenomeno hartzen dira kontuan, estatistikak erabiliz, urteko edo hilabeteko epeetan: tenperatura, prezipitazioak (euria nagusiki), eguzki-argia, hezetasuna, haizearen abiadura, etab. Normalean, leku edo eskualde bateko klima zein den ezagutzeko edo aditzera emateko, halako grafika batzuk egiten dira, klimograma izenekoak: horietan, urte baten barruan, hilabete bakoitzean egon den batez besteko tenperatura eta egiten duen euria neurtzen dira.
Epe laburretako aldaketak (egun batzuk edo asteren bat irauten dutenak) eguraldiari dagozkio, ez klimari, eta meteorologia izeneko zientziak aztertzen ditu.
Klimaren elementuak
Eguraldia eta klima zehazterakoan, hainbat elementu hartzen dira kontuan:
- Tenperatura: aireak halako une batean duen bero-energia da, hotz-bero sentsazioa eragiten duena. Termometroekin neurtzen da, Celsius (°C) gradutan gure inguruan.
- Haizea: atmosferako airea presio altuko eremuetatik presio baxukoetara mugitzen denean sortzen da. Mugimendu horrek hiru dimentsio ditu, baina meteorologoek mugimendu horizontalaren norabidea eta abiadura baino ez dute neurtzen. Abiadura neurtzeko, anemometro izeneko tresna erabiltzen da, eta normalean m/s (zenbat metro segundoko) edo km/h-tan (zenbat kilometro orduko)adierazten da. Norabidea, berriz, haize-orratzaren bidez neurtzen da, iparraldetik hasita gradutan, haizea nondik datorren adierazteko: iparraldetik, mendebaldetik, ekialdetik, etab.
- Prezipitazioak: atmosferatik lurrera erortzen den ura da. Forma bat baino gehiagotan eror daiteke: ur, elur, ihintza edo izotz moduan. Atmosferak bere baitan ur gehiago eduki ezin duenean gertatzen dira, ura kondentsatu eta erortzen baita. Metro karratuko azalera batean eroritako litrotan neurtzen da (l/m²). Plubiometroa da horretarako erabiltzen den neurgailua.
- Hezetasuna: hezetasun absolutoa aireak duen ur-lurrun kopurua da, eta g/m3-tan neurtzen da. Hezetasun erlatiboa, tenperatura-baldintza jakin batzuetan aireak duen lurrun kopuruaren, eta baldintza horietan aireak izan dezakeen gehienezko ur-lurrun kopuruaren arteko erlazioa da: hau da, zenbat eta airea beroago egon, disolbatutako ur-lurrun gehiago ziango du. Ehunekotan neurtzen da: % 100eko balioak airea lurrunez beterik dagoela esan nahi du, ezin duela gehiago izan. Ondorioz, lainoa, hodeiak eta ihintza eragiten ditu, bai eta, tenperatura behar bezain baxua denean, antzigar edo izotza ere bai. Hezetasun erlatiboa neurtzeko erabiltzen den tresna higrometroa da.
- Hodeitza: leku jakin batean hodeiz estalita ikusten den zeru zatia da. Zeru zortzi zatitan banatzen da eta hodeitza zortziko frakziotan neurtzen da: zeru oskarbi dagoenean, 0/8ko hodeitza dago, eta erabat estalita dagoenean, berriz, 8/8koa.
- Presio atmosferikoa: halako azalera-unitate baten gainean dagoen aire-zutabearen pisua da. Pascal-etan (Pa) neurtzen da.. Unitate hau txikia gertatzen denez, hektopascalak (hPa) erabiltzen dira edo haren baliokideak diren milibarrak (mbar). Presio atmosferikoa altuerarekin jaitsi egiten da.
Klima motak
Klimak sailkatzeko orduan, hiru sail nagusitan bereizten dira klima desberdinak, batez besteko tenperaturan oinarrituta:
- Klima beroak: klima hauek Lurreko latitude txikietan egoten dira; hau da, Ekuatoretik hurbileko latitudeetan; leku hauetan, eguzkiaren izpiak perpendikularrak dira (eguzkiak bete-betean jotzen du), eta tenperatura handia izaten dute horregatik. Batez besteko tenperatura 20° C-tik gorakoa izaten da, eta ez da gehiegi aldatzen urte-sasoi batetik bestera. Dena dela, klima beroetan, desberdintasun handiak daude prezipitazioengatik: leku batzuk (basamortuak) oso lehorrak izaten dira, eta beste batzuk (baso tropikaleko lekuak) oso euritsuak. Horregatik, desberdintasun handiak daude landaretzan eta faunan ere.
- Klima epelak: tropikoen eta zirkulu polar artean izaten den klima mota da. Leku hauetan, urtaro edo urte-sasoiak argi eta garbi bereizten dira; beraz, tenperaturak eta prezipitazioak ere erregularki aldatzen dira urte-sasoi batetik bestera; urteko batez besteko tenperatura, 18° C ingurukoa izaten da, baina aldaketa handiak daude urtaro beroetatik urtaro hotzetara. Munduko biztanleriaren zatirik handiena bizi da klima hau duten lekuetan, batez ere Ipar Hemisferioan.
- Klima hotzak: Lurreko bi poloetan eta altuera edo altitude handiko leku menditsuetan dagoen klima da. Giza biztanlerik gabeko edo oso gutxiko lekuak izaten dira, eta fauna eta landaretza ere oso urria izaten da. Kasurik muturrenekoak, zirkulu polarretan, klima honetan ia ez dago inolako bizi-formarik. Oso klima lehorra izaten da, eta batez besteko tenperatura inoiz ez da iristen 20° C-tara.
Dena dela, esan bezala, hiru sail horietan, oso ezaugarri desberdinak dituzten klimak bereizten dira, ondoko taulan ikus dezakezun bezala:
Klima beroak | Klima epelak | Klima hotzak |
---|---|---|