Txikipedia:Klarinete

Klarinetea aerofonoen familiako soinu-tresna da.

Nolakoa da?

Klarineteak zurezko hodi zilindrikoa du. Aho aldean kanaberazko mihi bakarra du, eta behealdean kanpai gisako zabalgunea. Tonu aldaketarako zuloak ditu eta eskala kromatikoa egin ahal izateko metalezko giltza sistema du.

Nola jotzen da?

Bi eskuekin harturik, ahokoa ahoan sartu eta haizea botatzen da kanaberazko mihia bibraraziz.

Klarinetea euskal herri-musikan

Munduko eta bereziki Europako beste herri askotan bezala, klarinetea Euskal Herriko eskualde desberdinetan maiz agertzen da herri musika munduan.

Baztan aldean, dantza batzuetarako txistuaren ordez klarinetea erabiltzen zen. Kasu askotan txistulariak izaten ziren klarinete joleak ere.

Lapurdiko dantzetarako ere erabiltzen zen.

Baxe Nabarreko inauterietako dantza ikusgarrietan, klarinete joleak izan dira azken garaietan, bakarka edo txaranga moduko taldeetako partaide moduan musika horien emaile eta gordetzaileak.

Mende honen hasieran, Otsagiko Dantzak egiteko, urte batzuetan musikaritzat bi klarinete eta danborra erabili zituzten.

Errondaila-Estudiantina gisako taldeetan ere klarinetea erabiltzen zen pandero eta sokazko soinu-tresnekin batera.

Beraz, labur esanda, klarinetea eta rekintoa Euskal Herri osoan erabili izan dira mota ezberdinetako taldeetan; danborraren laguntzarekin, beste klarinete batekin bikotea eginez, bestelako soinu-tresneekin talde txikiak osatuz edo orkestra-fanfarre-txaranga-banda gisako taldeetan.

      Entzun!

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.