Txikipedia:Kimika

Kimikak elementuak eta konposatu kimikoak aztertzen ditu, baita horiek batera nola funtzionatzen duten ere. Edozelan ere, kimika zientzia konplexua da, eta alor hauek ere ikertzen ditu:

Kimikako laborategia

Gaur egun, kimika oso zientzia garrantzitsua da, eta etorkizunean ere eragin handia izango du hainbat alorretan: teknologia berriak, botikagintza, petrolioaren ordezko erregaiak, energia-iturri berriak...

Baina fenomeno kimikoak ulertzeko ahalegina nahiko berria da: XIX. mendekoa, hain zuzen ere. Izan ere, materia osatzen duten atomoak ezin dira mikroskopioaren bitartez ikusi; eta, are gutxiago begi hutsez. Horregatik, fenomeno kimikoak aztertzeko eta frogatzeko, beharrezkoa izan zen aurretik propietate elektriko eta magnetikoak detektatu ahal izatea. Lehenago, emaitzak esperimentazioan baino ez ziren oinarritzen. Emaitza mota horiei enpirikoak deritze.

Kimikaren historia

Suaren aurkikuntzarekin batera jaio zen kimika. Gizaki primitiboek tresna mota guztiak lantzen zituzten bazituztelako kimikaren inguruko ezagutzen batzuk. Ezagunak diren objektu zaharrenak urrezkoak dira, eta duela 50.000 urte baino gehiago fabrikatu zituzten. Zilarra, kobrea eta, geroago, brontzea ere erabili zituzten. K.a. 1200. urtearen inguruan, suaz baliatuta burdina lantzen hasi ziren, hainbat erabileratarako. Egiptoko zibilizazioa izan zen teknika kimikoak gehien garatu zituena: betaurrekoak, metalak, lurrinak, xaboiak, eta larruzko nahiz ehunezko produktuak egin zituen.

K.a. VI. mendetik aurrera, hainbat intelektualek, esate baterako, Tales Miletokoak, Anaximenesek, Heraklito Efesokoak eta Enpedoklesek, naturaren eta materiaren oinarrizko ezaugarriak aztertu zituzten; eta materiaren printzipio bakarra eta iraunkorra sortzen saiatu ziren. Atomoek materia osatzen zuteneko ideia ere zirriborratu zuten batzuek.

Erdi Aroan, ostera, erlijioak eragin zuen zientziaren zeregina alde batera uztea. Baina egiptoarren antzinako jakindurian oinarrituta, arabiarrek alkimia (askoz aurretik erabiltzen zutena) Mendebaldean sartu zuten. Alkimia materiaren eraldaketarekin loturiko espekulazio eta esperientzia multzoa da, eta kimikaren aurrekaria izan zen. Zientifikoa izan ez arren, horrek laborategiko kimikan aurrerapen garrantzitsuak ekarri zituen.

XVII. mendean, matematikaren eta fisikaren aurrerapenekin batera, Robert Boyle-n ikerketek tradizio alkimistarekin apurtu zuten. Baina benetako iraultza kimikoa XVIII. mendean gertatu zen, batez ere Antoine Lavoisier-ek printzipio hau ezarri zuenean: “materia ez da sortzen edo suntsitzen; eraldatu besterik ez da egiten”.

Geroago, beste kimikari batzuek ere, zalantzarik gabe, ekarpenak egin zituzten. Esate baterako:

1920. urteaz geroztik, fisikaren aurrerapenek kimikaren teoriak eraldatu dituzte, hala nola erreakzio kimikoen ezagutzak. Ordenagailu txikiagoak eta azkarragoak erabiliz, kimikariek substantziak aztertzeko tresna hobeak sortu dituzte. Tresna horiek, adibidez, Martera bidali dituzte planetaren kimika ikertzera. Poliziek ere erabiltzen dituzte krimenen eszenatokien ebidentziak ikertzeko.

Kimikaren atalak

Hona hemen zenbait kimikaren atalak:

  • Kimika minerala edo ez-organikoa: karbono atomoz osatuta ez dauden molekulak aztertzen ditu.
  • Kimika organikoa: karbono atomoz osatuta dauden molekula organikoak aztertzen ditu.
  • Biokimika: bizirik dagoen materia aztertzen du, eta kimika organikoaren barnean dago.
  • Kimika analitikoa: materiala aztertzeko metodoak eta teknikak erabiltzen ditu.
  • Kimika fisikoa: fenomeno kimiko-fisikoak aztertzen ditu.
  • Kimika teorikoa: teorikoa baino ez da, eta tresna fisiko edo matematikoen bidez aztertzen da.
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.