Txikipedia:Karga elektriko
Karga elektrikoa materiaren propietate fisiko bat da. Materia atomo izeneko partikula oso txikiz osatuta dago, eta atomoak, berriz, karga elektrikoa duten partikula txikiagoz osatuta daude (partikula azpiatomiko deritze):
- Protoiak: karga positiboa dute eta atomoaren nukleoan daude.
- Neutroiak: ez dute kargarik eta atomoaren nukleoan daude.
- Elektroiak: karga negatiboa dute eta fenomeno elektrikoak sortzen dituzte. Atomoaren azalean daude, beste partikulak baino arinagoak dira; horregatik, atomoaren orbitatik ihes egin dezakete.
Materia normalean neutroa da, ez du karga elektrikorik. Horrek esan nahi du atomo batean edo atomo multzo batean karga negatiboen (elektroiak) eta karga positiboen (protoiak) kopurua berdina dela.
Nukleotik hurbil dauden elektroiak hari oso lotuta daude, eta urrutien daudenak, aldiz, ez hainbeste, eta bi gorputzek elkar igurtziz gero, batetik bestera pasa daitezke. Hau da, batzuetan elektroi-mugimendu bat gertatzen da material batzuetatik besteetara igarotzen direnean. Horixe gertatzen da, adibidez, bolaluma bat arroparekin igurtzi eta gero paper-zati batera hurbiltzen duzunean: bolalumari itsatsita geratzen dela ikusiko duzu.
Elektroiak material batetik bestera mugitzen direnean, karga positiboko gorputzak (elektroi gutxiago dituztenak) eta karga negatiboko gorputzak (elektroi gehiago dituztenak) sortzen dituzte. Hau da, karga elektrikoa lortzeko (elektrizatzeko), materialek elektroiak irabazi edo galdu behar dituzte.
Beraz:
- Gorputz bat negatiboki kargatuta badago, elektroi gehiegi dituelako da.
- Gorputz bat positiboki kargatuta badago, elektroi gutxiegi dituelako da.
Bestalde, kargen ezaugarri bat da karga mota bera duten bi gorputz elkar aldaratzen dutela; karga desberdina duten bi gorputz, aldiz, elkar erakartzen dute. Beraz, karga elektrikoa erakartze- eta aldaratze-indarren bidez adierazten da. Elektrikoki kargatutako materiari eremu elektromagnetikoek eragiten diote eta, aldi berean, eremu elektromagnetikoak sortzen ditu. Eremu elektromagnetikoa elektrikoki kargatutako elementuek sortutako indar-eremu fisiko bat da eta karga elektrikoa duten partikulei eragiten die.