Txikipedia:Kapitalismo

Kapitalismoa sistema ekonomiko bat da; hau da, dirua eta aberastasuna kudeatzeko sistema bat da. Herrialde kapitalista batean, herritarrak dira, eta ez gobernuak, enpresen jabeak eta enpresak zuzentzen dituztenak. Enpresa horiek beste enpresa batzuekin lehiatzen dira. Haiek erabakitzen dute zer ondasun eta zerbitzu eman, haiengatik zenbat kobratu eta non saldu. Enpresek horien lehen helburua jabearentzat etekin edo irabaziak lortzea da. Enpresak sortzeko edo zuzentzeko dirua erabiltzen duten pertsonei kapitalista deitzen zaie.

Kapitalismoaren aurkako kartel bat.

Kapitalismoa munduko herrialde askotako sistema ekonomikoa da, hala nola Estatu Batuetakoa, Erresuma Batukoa, Alemaniakoa, Espainiakoa, etab.

Kapitalismoa izendatzeko erabiltzen diren beste izen batzuk merkatu libreko eta enpresa libreko ekonomia dira.


Kapitalismoaren ezaugarriak

  • Ekoizpen-ondasunak (lantegiak, makinak, etab.) jabetza pribatukoak dira: pertsona batenak, familia batenak, enpresa batenak edo enpresa bateko akziodunenak.
  • Irabaziak bilatzen dira enpresa sortzeko dirua jarri dutenentzat.
  • Enpresak sortzeko askatasuna (norbere dirua edo jabetzak arriskuan jarriz, enpresak porrot eginez gero).
  • Enpresen arteko lehia askea: enpresak euren artean lehiatzen dira produktuak saltzeko.

Historia

Kapitalismoa antzinatik egon da, jendeak ondasunak erosten eta saltzen hasi zenetik. Hala ere, XVI. mendean garrantzia irabazi zuen merkataritzaren, industriaren eta bankuen hazkundearekin. Denbora horretan, gobernuak merkataritza sustatzen saiatu ziren.

Horretarako, herrialdeek merkatari gisa jokatu zuten. Atzerriko herrialdeei erosten zietena baino gehiago saltzen saiatu ziren. Irabazien inguruko ideia horrek (ordaintzen dena baino diru gehiago jasotzea) kapitalismo modernoa garatzen lagundu zuen.

XIX. mendean eta XX. mendearen hasieran, enpresek ondasun gehiago ekoitzi zituzten, eta kapitalista asko aberastu ziren. Hala ere, langile arruntek soldata txikiak irabazten zituzten, ordu luzeetan lan egiten zuten arren, batzuetan baldintza arriskutsuetan. Arazo horien ondorioz, langileen mugimenduak ugaritu ziren. Langile asko elkartu ziren enpresengandik tratu hobea eskatzeko.

Sozialismoaren ideiak ere ezagun egin ziren. Sistema ekonomiko sozialistan, gobernua da ekonomia kontrolatzen duena, enpresak eta ekoizpen-ondasunak bere jabetzakoak direlako. Ondoren, bere herrialdeko aberastasuna herritarren artean zuzentasunez banatzen saiatzen da. Herrialde askok ideia sozialista batzuei jarraitu zieten XX. mendean. Herrialde batzuek, Sobietar Batasunak barne, komunismo izeneko sozialismo mota eduki zuten.

Kapitalismoa gaur egun

1930eko hamarkadan, mundu osoan zehar arazo ekonomikoak egon ziren Depresio Handiaren garaian. Sozialistek ez ezik beste pertsona askok ere uste zuten gobernuek ekonomia kontrolatzen lagundu behar zutela. Gobernu gehienek legeak onartzen dituzte orain, enpresek bezeroak eta langileak behar bezala tratatzeko.

Kapitalismoa munduko sistema ekonomiko ezagunena da oraindik ere. Gaur egun, herrialde askok kapitalismoa eta sozialismoa nahasten dituzte. Herrialde horietan, gobernua enpresa batzuen jabe da eta zerbitzu asko ematen ditu, baina norbanakoak ere izan daitezke enpresen jabe.

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.