Txikipedia:Izozmendi
Izozmendia edo iceberga itsasoan flotatzen dagoena izotz masa handi bat da. Glaziar baten muturra apurtzean eta uretara erortzen denean sortzen dira; beraz, izozmendiak ur gezatakoak dira, ez ur gazikoak.
Oso ikusgarriak diren arren, izozmendi baten bolumenaren % 90a ur azpian dago, itsasoko uraren dentsitatea izozmendiarena baino handiagoa delako. Horren ondorioz ezin dugu jakin izozmendi batek duen benetako itxura zein den.
Sailkapena
Izozmendiak tamainaren eta itxuraren arabera sailkatzen dira.
Tamaina
Sailkapen hau izozmendi osoaren araberakoa da:
- Apurra (Glowler): altuera metro 1 baino gutxiago eta luzera 5 m baino gutxiago.
- Zatia (Bergy Bit): altuera 1 eta 4 m bitartean eta luzeera 5 eta 14 m bitartean.
- Txikia (Small):altuera 5 eta 15 m bitartean eta luzeera 14 eta 60 m bitartean.
- Tartekoa Medium:altuera 16 eta 45 m bitartean eta luzeera 61 eta 122 m bitartean.
- Handia (Large): altuera 46 eta 75 m bitartean eta luzeera 123 eta 213 m bitartean.
- Oso handia (Very Large):altuera 75 m baino gehiago eta luzeera 213 m baino gehiago.
Itxura
Sailkapen hau ikusgai dagoen izozmendi zatiaren araberakoa da:
- Biribildua (dome) : gainazal leun eta biribildua.
- Tontorduna (pinnacled) : garaiera handiko tontor bat edo gehiago dituena.
- Higatua (drydock) : malda txikikoa eta gainazal irregularrekoa, higaduren eraginez.
- Potoloa (blocky) : gainalde lau eta ertz bertikal aldapatsukoak, luzera 3-5 bider handiagoa altuera baino.
- Zapala (tabular) : itxura lauekoa, luzera 5 bider handiagoa altuera baino.
Hitzaren jatorria
Izozmendi hitza ingelesetik datorren iceberg hitzean oinarrituta dago. Beste hizkuntza batzuk ere izotz masa honi erreferentzia egiteko antzeko hitzak erabiltzen dituzte. Adibidez, alemanieraz Eisberg esaten da eta suedieraz isberg.
Eragina
Urtero 16.000 izozmendi inguru sortzen dira ipar hemisferioan. % 90 Groenlandian sortzen dira. Ez da erraza jakitea zenbat irauten duten izozmendiek, urtu arte. Udan txikiago bihurtzen dira, tenperaturak igotzen direlako. Izozmendi bat ur korronteen ondorioz ur beroagoetara mugitzen bada, azkarrago desagertuko da. Horren ondorioz, itsasoaren ur maila handitzeaz gain, klima aldaketaren ondorioak arintzen lagundu dute.