Txikipedia:Itsutasun
Itsutasuna ikusmen-arazo bat da, gutxi edo ezer ikusten ez dutenek sufritzen dutena. Ezin da sendatu, bizitza osorako da. Pertsona batzuek oso lausoturik ikusten dute dena, eta horregatik ezin dute irakurri ezta telebista ikusi ere; zenbaitek ez dute ezertxo ere ikusten eta horregatik ibiltzeko arazoak izaten dituzte, ezin dutelako haien inguruan zer dagoen jakin. Horregatik, kaletik ibiltzeko, itsu dauden pertsona askok makila bereziak edo txakur-gidariak erabiltzen dituzte, lan horretarako bereziki entrenatuak.
Itsutasuna desgaitasun fisiko larria da eta arrazoi askorengatik gerta daiteke. Batzuetan, jaiotzetik dagoen gaixotasuna da; baina gehienetan helduagoak garenean ager daiteke. Askotan, itsuak diren pertsonek begietako gaixotasun larriak dituzte, edo bestela istripu baten ondorioz kalteak izan dituzte begietan. Edota begietako atal batzuek ez dute ongi funtzionatzen.
Itsutasunaren ondorioak
Ikusi ezin duten pertsona horientzat gauza asko aldatzen dira bizitzan. Lanbide gehienak, esaterako, ez dira egokiak haientzat; izan ere, ikusi ahal izatea behar-beharrezkoa izaten da lan askotan. Ondorioz, itsuak direnentzat edo begietako gaixotasun larriak dituztenentzat oso zaila izaten da lana aurkitzea eta, horrela, beren soldata lortzea. Gainera, askotan dendak, jatetxeak, autobusak, eskolak, etab. ongi ikusten dutenentzat egiten dira bakarrik. Itsuek arazo handiak dituzte leku horietatik ibiltzeko.
Halere, itsu asko nahiko ongi moldatzen dira beren desgaitasun horrekin; ikusi ez, baina gauza asko oso ondo entzun eta senti ditzakete. Entzumena eta ukimena ongi entrenatuak izaten dituzte, eta horrela posible dute ongi ikusten dutenek baino gauza gehiago nabaritzea. Eguneroko bizitzan ongi ikusten dutenek pentsatzen duten baino hobeto konpontzen dira.