Txikipedia:Itsaslaster

Itsaslasterrak itsaso eta ozeanoetako urak egiten dituen mugimendu horizontalak dira, uraren zati bat norabide batean mugitzen direnean gertatzen direnak. Ozeanoetako ura mugimenduan dago haizearen, uraren dentsitate-aldaketen eta itsasaldi edo mareen ondorioz.

Itsaslasterrak bai ozeanoaren azalean baita sakonean ere jazotzen dira. Haietako batzuk tokian tokikoak dira, eta eremu geografiko txiki batean jazotzen dira; aldiz, beste batzuk mundu-mailakoak dira, eremu geografiko handi batean jazotzen dira eta ura planetako leku batetik beste batera eramaten dute.

Itsaslasterrek eragina dute kliman, tokiko ekosistemetan, eta ekosistema horietan bizi diren espezieetan. Adibidez, itsaslaster batzuk ekuatoreko ur epelak planetako ipar edo hego eremuetara eramaten dituzte; eta beste batzuk poloetako ur hotzak klima epelagoko eremuetara mugitzen dituzte.

Azaleko itsaslasterrak

Eskala handiko azaleko itsaslasterrak haizeak bultzatzen ditu, atmosferako tenperaturaren aldaketen ondorioz. Itsaslaster horiek tropikoetako beroa eremu polarretara eramaten dute, eta horrek eragina izaten du tokian tokiko eta munduko kliman. Karibe tropikalean hasten den Golkoko itsaslaster epelak, adibidez, Amazonas ibaiak baino 150 aldiz ur gehiago garraiatzen du. Itsaslasterra Estatu Batuetako ekialdeko kostaldean zehar doa Ozeano Atlantikotik Europara arte. Golkoko Itsaslasterreko beroari esker, Europako iparraldeko zati handi bat dezente beroagoa da iparraldean dauden beste leku batzuk baino.

Sakoneko itsaslasterrak

Ozeanoetako urak ez du dentsitate berdina leku guztietan, uraren tenperaturan eta gazitasunean dauden desberdintasunen ondorioz. Dentsitate-desberdintasun hori ere bada itsaslasterren kausa bat.

Eremu hotzetan, hala nola Ipar Atlantikoan, ozeanoko urak beroa galtzen du atmosferarantz eta hoztu egiten da. Ozeanoko ura izozten denean eta itsas-izotza sortzen duenean, gatza atzean geratzen da eta horren ondorioz itsasoa inguratzen duen ura gaziagotu egiten da. Ur gazi eta hotza ozeanoan hondoratzen da. Azaleko ura mugitzen hasten da orduan, hondoratutako ura ordezkatzeko. Horrek martxan jartzen du planetan “garraio uhal” baten antzeko sistema bat: 1.000 urteko epean planetan zehar mugitzen diren azaleko eta sakoneko itsaslasterren sistema. Itsaslasterren multzo global hori Lurreko klima-sistemaren funtsezko zati bat da, baita ozeanoko mantenugaien eta karbono-dioxidoaren zikloena ere.

Nola eragiten dute izaki bizidunengan?

Itsaslasterrek eragin nabaria izaten dute kate trofikoan, baita itsas-organismoen ugalketan eta itsas-ekosistemetan ere. Mugikortasun murriztua duten espezie askok “mugimenduan dagoen ur” horrekiko dependentzia dute janaria lortzeko eta larbak eta ugaltze-zelulak barreiatzeko. Itsaslasterrek ere eragina izan dezakete ozeanoan bizi diren arrainen eta ugaztunen bizitzetan eta elikagaien horniketan.

Goranzko itsaslasterrek elikagai asko dituzten ur hotzak ozeanoko hondotik azaleraino eramaten dituzte, eta horrek munduko arrantzari eta ekosistema garrantzitsuenei mesede egiten die. Itsaslaster horiek fitoplanktonaren eta itsas-algen hazkuntzan laguntzen dute; horiek oinarri energetikoa ematen diete kate trofikoan gorago dauden kontsumitzaileei, hala nola arrainei, itsas-ugaztunei eta gizakiei.


This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.