Txikipedia:Italiera

Italiera Europan hitz egiten den hizkuntza bat da. Batez ere Italian hitz egiten da, baina italiera bera edo italiar jatorriko hizkuntzak erabiltzen dira Suitzako zati batean, Frantziako Korsikan, San Marinoko Errepublikan eta Vatikanoan. Kroazia, Malta, Albania, Libia eta Eritreako zenbait lekutan ere badaude italieradunak. Mundu osoan, 70 milioi hiztun inguru ditu.

Italieraren mapa.

Hizkuntza erromantzea da, hau da, latinetik datorrena. Dena dela, latina modu desberdinean aldatu zen gaur egun Italia deitzen dugun herrialdean, eta, horren ondorioz, hainbat edo hizkera edo dialekto desberdin sortu zituen. Hizkera horietako batean idatzitako testuren bat gordetzen duen lehen dokumentua K.o. 960. urte ingurukoa da eta lur-auzi batekin zerikusia duen testu bat da; latinez idatzita dago, baina badu esaldi bat, latina ez den hizkera erromantze batekoa dela esateko modukoa.

Italierak musikan du oso garrantzi handia; izan ere, opera asko eta asko italieraz daude. Garrantzi horren eraginez, musikari buruz hitz egiterakoan italierazko hitz asko erabiltzen dira beste hizkuntzetan; adibidez, opera (berez "lana" edo "obra" esan nahi du), allegro ("alai" edo "arina" esan nahi du), kontzertu (concerto hitzak "batera jo" edo esan nahi du), sopranoa. Era berean, musika-tresna askoren izenak italieratik datoz: biolina (violino), piano (italieraz, "motel" esan nahi du).

Zeri deitzen diogu italiera?

Gaur egun italiera deitzen zaion hizkuntza latinetik garatu ziren dialekto horietako batetik sortutakoa da; Toscanako eta, zehazkiago, Florentziako dialektoan dago nagusiki oinarritua. Erdi Aroko hiru idazlek eman zioten dialekto horri goreneko maila literatura-hizkuntza izateko: Petrarcak, Dantek eta Boccacciok.

Italiar estatua 1861ean jaio zenean, Italiaren batasun politikoa gertatu zen; izan ere, garai hartara arte, Italia hainbat erreinu eta lurralde desberdinetan banatuta zegoen politikoki. Era berean banatuta zeuden Italiako hizkera desberdinak ere. Herrialdearen batasuna bultzatu zutenek argi zuten hizkuntza batzeko beharra ere; esan bezala, Florentziako italiera aukeratu zuten horretarako.

Garai hartan, ordea, italiera deitu zuten hizkuntza hori hitz egiten zuten italiarrak %2,5 eta %10 bitarte besterik ez ziren. Gaur egun, italiar guztiek dakite italiera hori, hori delako eskolan ikasi dutena eta komunikabideetan eta administrazioan erabiltzen dena; baina dialektoak oso bizirik daude oraindik, eta horien arteko desberdintasunak oso handiak dira: elkar ez ulertzeko adinakoak bai.

Entzun italiera pixka bat

Bideo honetan italiera pixka bat entzun dezakezu, baita Siziliako italiera ere:

Nola esaten da?

Zenbakiak

uno
due
tre
quattro
cinque
sei
sette
otto
nove
dieci
cento
mille

Esaldi erabilgarriak

Kaixo!: ciao
Zer moduz?: come stai?
Ondo, eskerrik asko: bene, grazie
Nola duzu izena? come ti chiami?
Mesedez: per favore
Bai:
Ez: no
Aio: addio
Egun on buon giorno
Arratsalde on buona sera
Gabon buona notte
Gero arte A dopo
Maite zaitut ti amo / ti voglio bene
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.