Txikipedia:Italia

Italia Europako hegoaldeko herrialde bat da. Erroma da bertako hiriburua. Estatu errepublikanoa da; hau da, presidentea dauka. Bestalde, Europar Batasuneko kidea da Italia. 2017ko datuen arabera, 60 milioi inguru biztanle ditu. Italiera da hizkuntza ofiziala, baina dialekto asko eta beste hizkuntza batzuk ere hitz egiten dira Italian.

Italia (berdez), mapan kokatuta.
Italiako bandera.

Italiako lurralde gehiena penintsula bat da, Europako hegoaldetik Mediterraneo itsasoraino hedatzen dena; penintsula horrek, goitik ikusita, bota baten itxura du. Penintsulatik kanpo, Sizilia eta Sardinia ere, Mediterraneoan dauden bi uharte handi, Italiaren parte dira.

Italiak muga egiten du Frantzia, Suitza, Austria eta Esloveniarekin, eta itsaso Adriatikoarekin ekialdean. Italiako ibairik luzeena, Po ibaia, Adriatikoan itsasoratzen da.

Italia herrialde oso menditsua da. Iparraldean Alpeak daude, eta Apeninoek penintsula osoa gurutzatzen dute. Italiako mendirik garaiena, Monte Rosa mendia, erdialdeko Alpeetan dago. Italiako hegoaldean, berriz, aktibo dauden sumendi batzuk daude, Vesuvio eta Etna, besteak beste.

Orokorrean, hegoaldeko klima iparraldekoa baino epelagoa da.

Ekonomia

Zerbitzuak dira Italiako jarduera ekonomiko nagusia, turismoa, bankuak eta hedabideak barne. Italian ekoizten diren produktu industrial nagusiak honako hauek dira: makineria, automobilak, etxetresna elektrikoak, ehun-gaiak, produktu kimikoak, zeramika eta oinetakoak.

Nekazaritzak pisu txikiagoa du ekonomian. Ekoizten diren produktuen artean, oliba-olioa eta bertako mahatsekin egiten den ardoa daude. Gari-irina erabiltzen da pasta egiteko, Italiako janari garrantzitsuenetarikoa dena.

Historia apur bat

Orain dela 2.500 urte baino gehiago, etrusko izenez ezagutzen den herri bat zibilizazio bat sortzen hasi zen Italiaren erdialde-mendebaldean. Geroago, ordea, etruskoak erromatarren menpe gelditu ziren. Erroma Mediterraneo inguruko gizartearen potentzia nagusia bihurtu zen. Gure arokjo 117. urtean, Erromatar Inperioa Britainia Handitik, Afrikako iparralderaino eta gaur egungo Ekialde Hurbileraino hedatu zen.

Geroago, iparraldetik zetozen herri batzuek Erromatar Inperioa inbaditu zuen; erromatarrek barbaro izenez deitu zieten herri horiei. Inperioa 476. urterako desagertu zen, inbasio horren ondorioz. Geroago, eskualdea hainbat erresuma txikitan banatu zen. Agintari batzuk erresumak kontrolatzen saiatu ziren, baina, hala ere, tokian tokiko agintari garrantzitsuena Aita Santua zen. Aita Santua Erromako Eliza Katolikoaren burua zen eta Erroman zuen egoitza.

Errenazimentua

Errenazimentuan, Italiako iparraldeko hiri batzuk estatu txiki baina indartsuak bihurtu ziren. Estatu-hiriak ziren, haietako garrantzitsuenak, Florentzia, Venezia eta Milan.

Estatu-hiriak merkataritzari esker aberasten ziren neurrian, artea bultzatzen bihurtzen hasi ziren. Gobernatzaileek eta merkatariek arkitektura, pintura, eskultura eta literatura sustatzen zituzten. Garai hori Errenazimentu izenez ezagutzen dugu. Mugimendu honen bidez, Italia mendebaldeko gizartearen erdigune kulturala bihurtu zen XIV. mendetik XVI. mendera arte.

XV. mendearen bukaeran, Frantziak Italia inbaditu zuen. XIX. mendera arte, Espainiako, Frantziako eta Austriako agintariek Italia kontrolatzen zuten. Baina, XIX. mendean, hiru gizon hasi ziren kanpoko gobernuen aurka borrokatzen hasi ziren: Giuseppe Mazzini, Giuseppe Garibaldi eta Camillo Cavour ziren. Politikari haiek Italiako zati guztiak herrialde bakar batean batu zituzten. Italiako zati handiena Viktor Emanuel II.a erregearen agindupean geratu zen 1861ean. Dena den, Aita Santuak Erroma kontrolatzen zuen oraindik, baina 1870ean Italiako armadak hiria inbaditu zuen eta kontrola hartu zuen. Horrela, Italiaren batasuna lortu zen.

Mussolini eta II. Mundu Gerra

Italiak Aliatuekin (Errusia, Frantzia eta Britainia Handia) bat egin zuen Lehen Mundu Gerran (1914-1918). Gerraostean, italiar gizartea oso banatuta zegoen politikaren ondorioz. Benito Mussolini izeneko politikaria eta haren alderdi faxista laster boterera iritsi ziren eta diktadurari hasiera eman zioten.

Italiak Alemania naziarekin bat egin zuen 1936an. 1940an, Mussolinik Alemaniarekin itun bat egin ondoren, Italia Bigarren Mundu Gerran sartu zuen Alemaniaren alde. Aliatuek 1943an Italia inbaditu zutenean, Mussolinik ihes egin zuen. Italiak amore eman zuen eta Aliatuekin bat egin zuen Alemaniaren kontra.

Gerraosteko Italia

Gerraostean, 1946an, Italiako biztanleek errepublikaren alde bozkatu zuten. Alderdi politiko asko sortu ziren eta XX. mendean zehar 50 gobernu-aldaketa baino gehiago egon ziren. Hala ere, ekonomia hazi egin zen eta Italia munduko herrialde aberatsenetariko bat bihurtu zen. Italia Europako Ekonomia Erkidegoaren, 1993an Europar Batasuna izango zenaren kide sortzaileetako bat izan zen.


Argazki batzuk

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.