Txikipedia:Islandiera
Ezaugarriak eta historia
Hizkuntza germanikoen taldekoa da, ingelesa, alemana edo nederlandera bezala. Bikingoek hitz egiten zuten hizkuntza aldatuz joan zen eta bost hizkuntza azaldu ziren, daniera, norvegiera, suediera, faroera eta islandiera.
Islandieran (daniera eta suedieran ez bezala) izenak flexioaren bidez aldatzen dira, hau da, izenek kasuak dituzte; izenek generoak (hau da, izen guztiak hiru ataletan banatzen dira eta atal bakoitzeko izenak era bestelakoan aldatzen dira) eta artikulua ditu ere. Alemaniera eta faroeran bezala, izenek lau kasu ditu. Izan ere, islandiera oso hizkuntza zaila da ikasteko bere gramatikan salbuespen eta hitzen aldaketaren aldaera asko daudelako.
Izenen aldaketaren adibide bat:
- nominatiboa (nor(k)? zer(k)?): hestur («zaldi», gizonezko generoa), nál («orratz», emakumezko generoa), borð («mahai», genero neutroa);
- genitiboa (norena?): hests, nálar, borðs;
- datiboa (nori?): hesti, nál, borði;
- akusatiboa ((nik ikusten) zer? nor?): hest, nál, borð.
Lexikoari dagokionez, islandiera hizkuntza garbi bat izaten ahalegintzen da. Euskaran mailegu, beste hizkuntzetatik hartutako hitz, asko ditugu, adibidez, «liburu» (latinetik eratorri zen, liburum), «saiatu» (gaztelaniatik eratorri zen, asayar); munduko hizkuntza ia guztiek beste hizkuntzetatik hitzak hartzen dituzte, baina islandierak ez du hori egiten. Islandierak hitz berri gehienak erro jatorretatik (germaniar erroetatik) sortzen ditu, adibidez, islandieraz: jarðfræði «geologia», ingelesez: geology, errusieraz: геология gjeologija (hitz hori antzinako grezieratik eratorri zen eta «lurraren jakintza» esan nahi du; islandierazko hitzak esanahi berdina du, baina erro jatorretatik sortuta dago). Horri «purismoa», edo «garbizaletasuna» deritzo hizkuntzalaritzan; euskaran jazo zen ere.
Euskara eta islandiera
Gramatikari dagokionez, islandiera eta euskara ez dira antzekoak, euskara hizkuntza eranskaria baita, hau da, euskaraz «hiri batera» esaten dugu «-era» atzizkia gehituz artikuluari («bat» - «batera») eta islandieraz til bæjar esaten dugu til («-ra» adierazten duena) hitza eta -ja- (kasua adierazten duena, genitiboa) gehituz.
Euskal baleazaleak Islandiatik pasatzen ziren Amerikara bidean. Islandiarrekin hitz egiten zuten eta euskara-islandiera hizkuntza sortu zuten. Bi edo gehiago hizkuntza nahasten direnean, pidgin izeneko hizkuntza berri bat agertzen da. Beste pidginak dira, adibidez, tok pisina eta bislama.
Entzun nahi islandiera pixka bat?
Aldameneko taulatxoan klik eginez entzun dezakezu islandierazko esaldi bat:
Alderatu islandiera beste germaniar hizkuntzekin
Ondoko taula honetan ikus dezakezu islandieraren eta beste hizkuntza batzuen arteko antzekotasunak:
Euskara | Islandiera | Suediera | Nederlandera | Ingelesa |
---|---|---|---|---|
Aita | faðir | fader | vader | father |
Ama | móðir | moder | moeder | mother |
Seme | sonur | son | zoon | son |
Alaba | dóttir | dotter | dochter | daughter |
Anaia/Neba | bróðir | broder | broeder | brother |
Arreba/Ahizpa | systir | syster | zuster | sister |
Bai | já | ja | ja | yes |
Ez | nei | nej | nee | no |
Zero | núll | noll | nul | zero |
Bat | einn | en | een | one |
Bi | tveir | två | twee | two |
Hiru | þrír | tre | drie | three |
Lau | fjórir | fyra | vier | four |
Bost | fimm | fem | vijf | five |
Sei | sex | sex | zes | six |
Zazpi | sjö | sju | zeven | seven |
Zortzi | átta | åtta | acht | eight |
Bederatzi | níu | nio | negen | nine |
Hamar | tíu | tio | tien | ten |