Txikipedia:Islandia
Islandia Europako iparraldeko muturrean, Groenlandiatik hurbil, dagoen herrialde bat da. Ozeano Atlantikoan dagoen uharte bat da, Euskal Herria baino 5 aldiz handiagoa, baina 358.000 biztanle inguru besterik ez duena (Arabak baino pixkat gehiago), 2019ko datuen arabera. Reykjavik da hiriburua.
Biztanleek islandiera hitz egiten dute, bikingoek eramandako hizkuntza bat, jatorri germanikoa duena, norvegiera, daniera, ingelesa edo alemana bezala.
Geografia eta klima
Islandia Zirkulu Polar Artikotik hegoaldera dago, Groenlandia, Eskozia eta Norvegia artean. Dena dela, Golkoko itsaslasterrak daraman ur beroari esker, iparraldeko beste leku asko baino eguraldi epelagoa du. Horregatik, neguak ez dira oso hotzak, baina bai haizetsuak, eta, udan, euri asko egiten du eta tenperaturak ez dira oso altuak izaten, 12 eta 15 gradu bitartekoak gehienez.
Uharteak jatorri bolkanikoa du eta, horregatik, sumendi ugari ditu, 200 inguru, haietako batzuk aktiboak. Glaziar ugari ere baditu, bai eta iturri termal asko ere; haietako batzuetan, geiserrak egoten dira, hau da, batzuetan lur azpitik gora ateratzen diren ur beroko turrustadak.
Islandiako itsasertza oso ebakia da, sartu-irten eta fiordo ugarirekin.
Ekonomia
Zerbitzuekin eta turismoarekin batera, arrantza da sektore ekonomikorik garrantzitsuena; bakailaoaren esportazioak oso pisu handia du. Aldiz, ia nekazaritzarik ez dago, klima eta lurra ez direlako batere egokiak, baina bai abeltzaintza, ardiak eta esne-behiak bereziki.
Historia apur bat
Ez da jakiten zehazki lehen biztanleak noiz iritsi ziren lurralde hauetara, baina garbi dago bikingoek kolonizatu zutela X. mende aldean, Groenlandia bezala. Norvegia jabetu zen Islandiaz 1262tik 1380ra bitartean, eta handik aurrera Danimarkaren mende egon zen.
Islandiak 1944an lortu zuen erabateko burujabetasuna, eta laster sartu zen Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundean (NATO). Oso herrialde aurreratua izan da beti giza eskubideen alorrean. Adibidez, emakume gobernuburu izan zuen lehen herrialdea izan zen, 1980an Vigdís Finnbogadóttir izeneko presidentearekin.
Islandia Europar Batasuneko kide izateko eskaria egin zuen 2009an, baina oraindik ez da sartu. Arazo ekonomiko larriak izan zituen 2008an, beherakada ekonomiko latza jasan baitzuen, hango bankuek zituzten zor handiengatik.
Irudi batzuk
- Uharteko hiri nagusiak
- Reykjavik
- Fiordoa
- Eyjafjallajökull izeneko glaziarra