Txikipedia:Indiako ozeanoa
Indiako Ozeanoa munduko bost ozeanoetako bat da: zabalera aldetik, munduko hirugarren handiena da, gainera. Geografikoki, Afrika (mendebaldean), Asia (iparraldean) eta Australia (ekialdean) artean kokatuta dago. Hegoaldean, berriz, Ozeano Antartikoarekin bat egiten du.
Indiako ozeanoa | |
---|---|
Kontinentea | Afrika, Asia, Ozeania, Antartika |
Azalera | 75.000.000 km² |
Zabalera | 8.333 km |
Sakonera | Batez bestekoa: 4.210 m Handiena: 7.450 m |
India Asia hegoaldeko herrialde bat da eta penintsula bat osatzen du.
Indiako Ozeanoko irla handiena Madagaskar da, Afrikako kostan. Ipar-mendebaldean, Asia eta Australia artean, Indonesiako irlak daude. Artxipelago edo uhartedi horrek Indiako Ozeanoa eta Ozeano Barea banatzen ditu. Planetako inguru horretan jarduera bolkanikoak eta lurrikarak oso ohikoak dira. Bereziki larria izandako lurrikara bat gertatu zen 2004ko Gabonetan; lurrikararen ondorioz, tsunami edo olatu erraldoi bat sortu zen, uholde ikaragarriak eragin eta 200.000 lagun baino gehiago hil zituena.
Aspaldiko garaietan, jendeak Indiako Ozeanoko kostan zehar bidaiatzen zuen. Modu horretara, asiarrak Madagaskarren finkatu ziren. Antzinako Egiptoko marinelek eta arabiarrek ere Afrikako hegoalderantz nabigatu zuten eta, horregatik, Afrika ekialdeko kostako jende asko eta asko musulmanak dira.
Gaur egun, itsasontzi askok zeharkatzen dute Indiako Ozeanoa, Europa eta Afrika Asiarekin lotuz. Horretarako, Suezko kanala erabiltzen dute, 1863an eraikia. Suezko kanala Mediterraneo itsasoa eta Itsaso Gorria artifizialki batzen ditu, Afrika osoa inguratu beharrik gabe Indiako Ozeanora iristeko.
Ozeano honetako hainbat irlak turista asko erakartzen dituzte, Seychelles edo Reunion uharteek, esate baterako.