Txikipedia:Inauteri

Inauteriak mundu osoan egiten den ospakizuna da. Inauterietan mozorroak, abeslariak, kalejirak eta kaleko festak ikus daitezke. Otsailean edota martxoan ospatzen ohi dira. Orokorrean, ostegunean hasi eta asteartean bukatzen dira, baina leku batzuetan, inauterien hurrengo asteburuan ospatzen dituzte.

Euskal Herriko inauteriak

Inauteriak mundu osoan ospatu arren, artikulu honetan Euskal Herriko inauterien tradizioak sakontzen dira.

Nondik datoz?

Euskal inauterien jatorria argi egon ez arren, esaten da ospakizuna neguaren amaierarekin eta udaberriaren hasierarekin lotzen dela. Ehiza, arrantza edo nekazaritzatik bizi zirenentzat, urtaro aldaketa oso garrantzitsua zen, artzainentzat batez ere. Artzainek urte erdia mendian pasatzen zuten eta elur-garaian etxean babesten ziren, ia janaririk gabe. Horregatik, neguaren amaiera gosea eta hotza alde batera uzteko garaia zen eta hori janariz, edariz eta musikaz beteriko festa batekin ospatzen zen. Bertan, zenbait erritu egiten ziren, lurrean uzta onak bermatzeko, emakumeek haur gehiago izateko edota familiakoak basapiztietatik zaintzeko.

   Ba al dakizu   

Inauteriak kritika soziala ere badela? Hasieratik inauteriak plataforma gisa balio izan du ospatzen den eskualdeetako egoera politiko, sozial eta ekonomikoaren kritika eta satira egiteko.

Non ospatzen dira?

Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da.
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da.
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.
Inauterien gaineko zortzi bitxikeria.

Hego Euskal Herrian, Francoren diktaduran zehar, jai hauek debekatuta egon ziren eta, ondorioz, herri askotan galzorian egon ziren. Gaur egun, herri guztietan ospatzen diren arren, leku batzuetan indar handiagoa dute.

Nafarroan, garrantzitsuenak Altsasuko eta Lizarrako inauteriak dira, bereziki inauteri tradizioari eusten dietelako. Altsasuko pertsonaia nagusiak Zanpantzar, Joaldunak eta Momorrotxoak dira. Pertsonaien ekintza nagusiena antzerkia da, umorea eta giro ona zabaltzeko. Momorrotxoek maskara bat izaten dute, burua estaltzeko erabiltzen dutena, eta txirrindulari forma du. Koloreak gehienetan gorriak eta beltzak izaten dira. Zanpantzarrek, ordea, trumoiaren formako maskara bat dute, kolore gorri eta beltzak dituena. Lizarrako pertsonaia nagusiena, aldiz, Zaldiko izeneko pertsonaia bat da, zaldiz mozorrotuta ibiltzen dena. Horrez gain, Ziripot ere oso ezaguna da eta jantziaren kolore eta maskararen forma berezia du.

Araban, Zalduondoko inauteriak dira ezagunak. Markitosa da bertako pertsonaia nagusia, eta bere helburua inauterietan protagonismoa izatea da. Horretarako, kaleetan barrena ibiltzen da jendea animatzen eta ekintzetan parte hartzen. Jantziari dagokionez, garai batean erregeak erabili ohi zituzten elementuak erabiltzen ditu.

Gipuzkoan, Donostiako eta Tolosako inauteriak dira jende gehien biltzen dituzten inauteriak. Tolosako pertsonaia nagusiak Txatxosola eta Joaldunak dira. Txatxosolek elegantzia adierazten dute, eta jantziak beltz-urdin kolorekoak izaten dira. Joaldunen jantziak, soinuaren bitartez, jendea erakartzen du. Donostiakoak, ordea, Momo Zaharra eta Gaztelu Zaharra dira. Momo Zaharraren eta Gaztelu Zaharren jantziek misterioa eta magia adierazten dute eta, horretarako, maskara eta txano bat janzten dute, beldurra adierazten dutenak.

Bizkaian, Durangoko jaiak dira ezagunenak. Bertako pertsonaia nagusiena Miel Otxin Basajauna da, lastoz betetako panpina erraldoi bat. Miel Otxin Basajauna izpiritu txarren irudikapena da.

Nafarroa Behereako inauterietan, Kabalkada izeneko desfile bat egin ohi da. Honetan parte hartzen duten pertsonaiarik ezagunenak Bolantak dira. Dantzariak dira eta lepotik zetazko koloretako zintak daramatzate. Desfilearen amaieran joaten dira.

Lapurdin, batez ere Baionako inauteria da tradizioari lotuta jarraitzen duena. Bertako pertsonaia nagusienak Basajaun eta  Moko Zaharra dira. Basajaunak altuera handia du eta bere jantziak pertsona forma. Moko Zaharrak, ordea, maskara zaharrak eramaten ditu, txapel gorri batekin.

Zuberoan, Maule eta Larrau Maskaradak izaten dira ezagunenak garai honetan. Maulen, Lizarrakoaren antzera, pertsonaia nagusiena Ziripot da. Larraunen, aldiz, Altsasun bezala, Momoxorroak dira ezagunenak.

Zeintzuk dira pertsonai nagusiak?

Hartza (Arizkun, Ituren, Zubieta...)

Hartza

Hartza da Arizkun, Ituren, Zubieta eta Nafarroako beste herri batzuetako pertsonaia nagusienetako bat, hala ere, beste hainbat lekutan ere ikus daiteke. Pertsona bat hartzaz mozorrotzen da.

Bere gorputza artilez estaltzen du eta hartza izango balitz bezala antzezten du. Hartzarekin batera, horren zaintzailea doa, hartzari lotuta, hartzak ihes ez egiteko. Bitartean, hartza kaleko jendea izutzen saiatzen da.

Joaldunak (Ituren eta Zubieta)

Joalduna da Zubieta eta Itureneko beste pertsonaia nagusienetako bat.

Pertsonak Joaldunez mozorrotzen dira.

Zubietako Joaldunek estalki zuria janzten dute eta Iturengoek, aldiz, ardi larruzko txalekoa. Gerrian ardi larrua jartzen dute eta, bertan, joareak lotzen dituzte (bideoan ikus daitekeen bezala): bi txiki bizkarrean eta gerriaren atzean bi handi eraman ohi dituzte. Horren kokapena oso garrantzitsua da, lekuaren arabera joarearen soinua desberdina delako, joaldunak mina ez edukitzeko eta nahigabe soinua ez egiteko. Ttuntturroa izeneko txapela eramaten dute, oso altuak eta kukurutxo formakoa. Kolorezko oihalezko zintak jartzen dituzte eta txapelaren puntan oilar lumak izaten dituzte. Joaldunek eskuan zartailua daramate. Heldulekua egurrezkoa da eta horren soka zaldi ileez dago eginda.

Joaldunak kaleetatik paseatzen dira soinuak eginez, diotenez, zorte txarra uxatzen dutelako.

Markitos (Zalduondo)

Markitos

Markitos da Zalduondoko pertsonaia nagusia. Pertsonai hau egiteko panpina bat sortzen da.

Markitosa handia da. Praka zaharrak jartzen dizkiote eta goroldioz betetzen dituzte prakak. Gorputzeko goiko aldea estaltzen dute alkandorarekin eta gainetik jertse bat jartzen diote.

Lapiko bat jartzen dute burua balitz bezala, eta hori kartoizko maskara batekin estaltzen dute. Oinetan garai batean larruzko abarkak jartzen zizkioten, baina gaur egun botak erabiltzen dituzte (argazkian ikus daitekeen bezala).

Panpina egurrezko poste batean jartzen dute eta herrian zehar paseatzen dute. Ondoren, epaitu eta, amaitzeko, erritual bat jarraituz, sutan erretzen egiten dute.

Zamaltzaina

Zamaltzainak (Zuberoa)

Zamaltzaina da Zuberoako pertsonaia nagusienetako bat. Pertsonak Zamaltzainez mozorrotzen dira.

Zaldi burua eta buztana duen egurrezko egitura bat daramate lepotik zintzilikatuta. Eskubiko eskua zaldiaren buruari lotuta dago. Irudian ikusten den eran, bularraldea zuria duen eta urrez brodatuta dagoen jaka gorria janzten dute. Belaunetaraino iristen diren eta behean urrezko parpailak dituen praka beltzak janzten dituzte. Oinetan, galtzerdiak eta zapatila zuriak, eta azpantar beltzak dituzte. Buruan, txapel gorri bat dute.

Zamaltzainaren lana ogiak eta etxeak babestea da, izan ere, beldurra sortzen diete gaizkileei. Gerrian duen zaldi egiturak dantza egitea zailtzen duenez, dantzari trebeenak izaten dira Zamaltzainez mozorrotzen direnak.

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.