Txikipedia:Immunitate-sistema

Immunitate-sistema gure gorputzak birus eta mikrobio gaiztoen aurka borrokatzeko duen babesen multzoa da. Birus eta mikrobio gaizto horiei patogenoa deritze (hitz horrek “gaixotasun-sortzaile” esan nahi du) eta, hain zuzen, gaixotasun infekziosoak sortzen dituzte (adibidez, gripea, katarroa, faringitis edo eztarriko mina, eta beste larriago batzuk). Immunitate-sistemari esker gure gorputzak, bakarrik edo botika batzuen laguntzarekin, patogeno horiek suntsitzen ditu.

Immunitate-sistemaren zelula bat —urdinez— mikrobio gaiztoak –gorriz– irensten

Immunitate-sistema hainbat elementuz osatuta dago. Alde batetik, odolean dauden zelula bereziek (batez ere globulu zuriek edo leukozitoek), bakterioak eta birusak irentsi eta hiltzen dituzte. Leukozito horien artean makrofagoak, neutrofiloak eta linfozitoak dira garrantzitsuenak.

Bestalde, immunitate-sistemaren zelula berezi batzuk daude, gaixotasun jakin batzuen kontra borrokatzeko; zelula horiek garrantzi handiko substantziak ekoizten dituzte (antigorputz izeneko substantziak), patogenoak ere neutralizatu edo suntsitzeko. B linfozito izeneko zelulak dira antigorputzak sortzen dituztenak. Gorputz osoan daude gordeta, immunitate-sisteman, borrokatzera ateratzeko seinalearen zain. 


Nola dakite antigorputzek zein zelulari eraso behar dioten?

Behar bezala jarduteko, immunitate-sistemak jakin egin behar du zein zelula diren onak eta zein txarrak. Antigorputzek lotuneak dituzte, patogeno jakin batzuei egokitzen zaizkien lotuneak. Lotune horiei esker, ez ikusiarena egiten diete zelula “onei”, eta txarrei baino ez diete erasotzen. 



Nola lortzen dugu immunitatea?

Immunitate-sistema oso azkarra da eta badaki infekzio berrietara egokitzen. Gure gorputzak bi era ditu immune bihurtzeko:

  • Berezkoa: jaiotzen garenean, gure gorputzak badu nolabaiteko immunitatea. Haurtxoek amagandik hartzen dituzte antigorputzak, haren sabelean dagoen bitartean. Horrez gain, amaren esnetik ere har ditzakete beste antigorputz batzuk.
  • Ikasia: Gure gorputzek immune izaten ikasten dute denboraren poderioz. Gaixotzen garenean, gure gorputzak gaixotasunari nola aurre egin ikasten du. Gero, gaixotasunak berriro erasaten dionean, gorputza prest egoten da, eta laster ekoizten ditu antigorputzak infekzioari aurrea hartzeko. Txertoen bidez ere bihur gaitezke immune.

Zertarako dira txertoak?

Batzuetan, txertoak ipintzen dizkigute gaixotasun batzuk ez izateko. Txertoen helburu nagusia, hain zuzen ere, antigorputzak sortzea da, gure organismoak –antigorputz horien bidez– patogenoak suntsitu ahal izateko. Txertoak prebentiboak dira: hau da, gaitza sortu aurretik jarri behar dira; modu horretan, mikrobio kaltegarria gure gorputzean sartzen bada, aldez aurretik sortutako antigorputzek mikrobio hori laster ezabatuko dute.

HIESaren birusak immunitate-sistemaren zelulak kaltetzen ditu eta, ondorioz, HIESa duten gaixoek immunitate-sistema oso ahula dute. Horregatik, gaixo horiek gaixotasun infekziosoak harrapatzen dituzte sarritan.

Batzuetan immunitate-sistemak ez du zuzen funtzionatzen eta, mikrobio gaiztoen aurka borrokatu beharrean, gure gorputzeko organo batzuei eraso egiten die. Horrela sortzen dira gaixotasun autoimmuneak.

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.