Txikipedia:Ilargia

Ilargia Lurrak duen satelite natural bakarra da. Zerura begiratzean errazen aurkitzen dugun objektua da, nahiz hilero zenbait egunez desagertu egiten den. Batez ere gauez oso argitsua dirudien arren, berez ez du argirik: Eguzkiak ematen dion argiaren isla da guk ikusten duguna.

Ilargiaren 3D irudia mugi dezakezu!
   Ba al dakizu   
Letra larriz ala xehez?
Gure satelite naturalaren izena hizki edo letra larriz (maiuskulaz) idatzi behar da: Gizakiak Ilargira itzuli nahi du. Beste planeta bateko sateliteak direnean eta pluralean erabiltzen denean, aldiz, hizki xehez idatzi behar da: Jupiterrek 63 ilargi ditu.

Gizakia Lurretik kanpo egon den espazioko objektu bakarra da. Hori 1969ko uztailaren 20an gertatu zen lehen aldiz, Neil Armstrong izeneko astronauta estatubatuarrak Ilargia zapaldu zuenean.

Eguzki-sisteman badaude beste satelite asko, kanpo-planeta handietan, eta horiei ere ilargi deitzen zaie. Kasu horretan, izen arrunt gisa erabiltzen dugu eta hizki edo letra xeheak erabiltzen ditugu haiei buruz idazteko; aldiz, gure planetak duen satelitea hizki edo letra larriz idazten dugu, haren izena baita.

Ezaugarriak

Gure ilargia Eguzki-sistemako bosgarren satelite handiena da. Orotara, 3.474 km-ko diametroa du, eta, horrenbestez, Pluton baino handiagoa da. Bere tamainagatik, eragin handia du gure planetan. Tamainari dagozkion kontuekin jarraituz, Ilargia Eguzkia baino 400 aldiz txikiagoa da, eta lurra baino 4 aldiz txikiagoa, baina Lurretik 400 aldiz gertuago dago, eta horregatik, Lurretik ikusita, bi objektuek tamaina ia berdina dutela iruditzen zaigu.

Lurretik, batez beste, 238.855 / 384.400 kilometrotara dago, eta aurpegi berbera ikusten diogu beti. Ilargian dauden tenperaturak ez dira oso egokiak gizakiontzat: -248 eta 123 °C bitarteko tenperatura-tartea dago bertan. Baditu beste ezaugarri batzuk oso desegokiak gizakiontzat: atmosferarik ez du, eta ez dauka arnasteko airerik. Gainera, hautsez eta harriz beteta dago, eta hori arriskutsua da astronautentzat: hautsa gauza guztietara itsasten da, baita astronauten ekipamenduetara ere, eta harriek astronauten jantziak erraz ebaki dezakete, eta, hori gertatuz gero, nekez iraungo lukete bizirik.

Gainazalean bi paisaia mota bereizten dira, "lurrak" eta "itsasoak" deitzen direnak. Lehenak kolore gris argikoak dira, eskualde menditsuak, harkaitz pilaketak eta krater ugari izaten dituzte. Itsasoak, berriz, kolore iluneko zabaldiak dira, hautsez beteak. Ez daukate urik, noski, baina "itsaso" deitzen zaie aspaldiko astronomoek Ilargiko gune ilunago hauek teleskopioetatik ikusten zituztenean pentsatu zutelako itsasoak izan zitezkeela. Kolore ilun hori Ilargiaren sorrerako labaren eraginez dute zabaldi horiek.


Ilargiaren fase edo aldiak


Ilargi berria: 1
Ilgora: 2-3-4
Ilargi betea: 5
Ilbehera: 6-7-8

Ilargiaren itxura aldatzen joaten da; zehazki, jasotzen duen argia da aldatzen dena, eta horregatik ikusten dugu Lurretik ezberdin.

Lau aldi bereizten dira:

  • Ilberria edo Ilargi berria: ilargia ikusezina da, Lurraren eta Eguzkiaren artean dagoelako.
  • Ilgora: ilargia ikusten hasten denetik ilargi betea agertzen den arteko tartea. ilargi berritik ilargi betera doan 14 eguneko aldia. Forma honekin hasten da handitzen:
  • Ilbetea edo Ilargi betea: ilargiaren aurpegia osorik argituta agertzen den fasea da.
  • Ilbehera: ilargi betea ikusten denetik hasita, gero eta txikiagoa ikusten dugun tartea. Ilargi betetik ilargi berrira doan 14 eguneko tartea. Forma hau hartuz joaten da: .


Zer jakin nahi duzu?
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.