Txikipedia:Iberiar penintsulako herri kolonizatzaileak
Iberiar penintsulako herri kolonizatzaileak erromatarrak baino lehen Mediterraneoa itsasoko ekialdetik penintsulara iritsi ziren hiru herri dira: feniziarrak, greziarrak eta kartagotarrak. Herri horiek, egia esan, ez ziren iritsi penintsula konkistatzeko asmoz, hau da, bizitzeko lur berriak bilatzeko asmoz; errealitatean nahi zutena koloniak ezartzea zen, bertako herriekin salerosketan aritzeko, eta penintsulako lurraldeetako aberastasunak euren jatorrizko lurraldeetara eramatea; batez ere metalak (kobrea, zilarra, eztainua eta urrea), haragi gazituak eta arraina bilatzen zituzten.
Herri horiek penintsulakoak baino askoz garatuago zeuden, burdina erabiltzen zuten eta idazten bazekiten. Garapen kultural eta tekniko aurreratuago horrek bertako herri hurbiletan berehalako eragina izan zuen.
Ikus ditzagun herri horien guztien aspektu batzuk, Penintsulako kostaldera iritsi ziren lehenengoekin hasiz.
Feniziarrak
Feniziarrak Ekialde Hurbileko herri bat ziren, eta gaur egungo Libanoko kostaldean hiri-kultura aberats bat sortu zuten. Hiri nagusiak Tiro, Biblos eta Sidon ziren.
Feniziarrak distantzia luzeko merkataritzan aritzen ziren; Mediterraneo osoa zeharkatzen zuten ekialdera eramateko metalak bilatzeko. Nabigatzaile bikainak ziren eta Britainia Handiko kostalderaino iritsi ziren. Metalezko aberastasunak aurkitzen zituzten lekuetan, kokaleku iraunkorrak edo koloniak sortzen zituzten. Ekialdetik ekartzen zituzten objektu manufakturatuen truke lortzen zuten herri autoktonoek metalak erauzi eta beraiei ematea.
Feniziarrak K.a. X. mende aldera hasi ziren Penintsulara iristen K.a. VII. mendera arte. Beren koloniak Andaluziako eta hego-ekialdeko kostaldean sortu zituzten, mineral metaliko asko zeudelako. Kolonia feniziar garrantzitsuenak hauek izan ziren: Gadir (Cádiz), Sexi (Almuñécar), Baria (Villaricos/Almería), Malaca (Málaga)...
Feniziarren kolonizazio prozesua baketsua izan zen penintsulan. Ez ziren saiatu herri autoktonoak indar militarraren bidez menderatzen, baizik eta buruzagien taldeekin elkarlanean aritzea nahiago izan zuten bereziki, tartessostarrekin, ahalik eta metal gehien lortzeko. Burdinaren erabilera, eltzegile-gurpila eta idazkera alfabetikoa zabaldu zituzten Penintsulako herrietan zehar.
Feniziarren gainbehera K.a. VII. mendean hasi zen, asiriarrek haien hiriak konkistatu zituztelako eta penintsulako kolonien eta ekialdearen arteko harreman komertzialak hautsi zirelako. Beren koloniek existitzen jarraitu zuten, baina Kartagok kontrolatzen zituen.
Greziarrak
Greziarrek feniziarren antzera jardun zuten, baina batez ere Penintsulako mediterraneoko kostako iparraldean, gaur egungo Alicante probintziatik aurrera. Feniziarrak baino zerbait beranduago iritsi ziren, K.a. VII. mendetik aurrera, Massiliako koloniatik, gaur egungo Frantziako hegoaldeatik. Antzinako testuek greziarren kolonia asko aipatzen dituzte iberiar lurraldean, baina asko ez dira aurkituak izan. Garrantzitsuenak, eta aztarna arkeologiko harrigarriak utzi dituztenak, Emporion (Empuries) eta Rodhe (Roses) izan ziren, gaur egungo Gironan. Kolonia horiek K.a. 600. urte inguruan sortu ziren eta nagusitasun komertziala erromatarren garairaino mantendu zuten.
Tribu iberikoengan eragin handia izan zuten, bereziki arteari, industriari eta nekazaritzari dagokienez (mahatsondoen eta olibondoen laborantza ekarri zuten).
Greziarrek harreman baketsuak izan zituzten beren kolonietatik gertu zeuden penintsulako herriekin; euren jatorrizko hirietan sortutako produktu manufakturatuak saltzen zizkieten lurraldeko baliabide naturalen truke. Merkatari greziarrek saltzen zuten produktu nagusia euren zeramika ospetsua izaten zen; garai hartan Mediterraneo osoan modan zegoen. Greziarrekin harremanetan egon ziren Penintsulako herriek haiengandik ikasi zuten burdina lantzen, idazkera, laborantza eta artisautza teknikak, eta abar.
Penintsulan greziarren presentziaren gainbehera bi potentzia kolonial berriren hedapenaren ondorioz gertatu zen; bi horiek metodo ez hain baketsuak erabili zituzten, eta merkataritzan ez zuten lehiarik onartzen: hasieran Kartago, eta azkenik Erroma.
Kartagotarrak
Garai batean Kartago feniziarren kolonia izan zen Afrikako iparraldean (gaur egungo Tunisian), baina jatorrizko hiriekin harremanak galtzean, kartagotarrak modu independentean jarduten hasi ziren. Gainera indar militarra erabili zuten euren nagusitasuna inposatzeko gainerako kolonia feniziarrei, eta bide batez, inguruan zituzten lurraldeei.
Kartagotarrek lehenago feniziarrek Penintsulan kontrolatzen zuten eremu guztia okupatu zuten. Baina lurraldea eta bertako biztanleak zuzenean kontrolatzea nahiago zuten, euren botere militar handia baliatuz; haien nagusitasuna onartzen ez zuten hirien aurka erabiltzen zuten indar militar hori.
Haien koloniarik garrantzitsuenak Ibiza eta Cartago Nova izan ziren; azken hau K.a. III. mendean sortu zuten eta Iberiar penintsulan izan zuten kokaleku nagusia izan zen. Metalak bilatzen zituzten eta horretarako Penintsularen barrualdea militarki kontrolatzen saiatu ziren. Erromatarrak iritsi zirenean, erromatar armadaren aurka borrokatu ziren Gerra Punikoak (K.a. 237 eta 201 urteen bitartean). Azkenean garaituak izan ziren.
Herri kolonizatzaileen garrantzia
Herri kolonizatzaile hauen presentziak eragin handia izan zuen erromatarren aurreko Penintsulako herrietan, bereziki iberiarren kasuan.
- Nekazaritzako teknika eta labore berriak ekarri zituzten.
- Hispanian ezagutzen ez ziren artisau-teknikak ere ekarri zituzten, hala nola buztingintzarako tornua.
- Meatzaritza hobetu zuten.
- Idazkeraren erabilera hainbat alfabetotan zabaldu zuten (fenizieraz eta grekoz).
- Truke komertzialetarako txanponen erabilera sartu zuten.
- Gizarteak hobetzeko beharrezkoak ziren ideia eta pentsamendu berriak ekarri zituzten.
Ikus, gainera
Herri kolonizatzaile hauek eta geroago erromatarrek Penintsulan aurkitu zituzten herriei buruzko informazioa nahi baduzu, ikusi ondoko artikulu hau: