Txikipedia:Ibai delta

Ibai delta lur zati lau bat da, hiruki edo triangelu forma izaten duena eta ibaiaren bokalean (ibaia itsasoratzen den lekuan) kokatua. Munduko ibai handiek deltak izaten dituzte bokalean, bereziki itsasaldiek indar handia ez duten tokietan.

Nilo ibaiaren delta.

Garrantzia

Historiaurretik, deltak garrantzitsuak izan dira jendearentzat. Deltako lurra ezin hobea izaten da nekazaritzarako. Zibilizazio handi batzuk Nilo, Tigris-Eufrates, Indus eta Huang He ibaietako deltetan garatu ziren. Iberiar penintsulan dagoen deltarik garrantzitsuena Ebro ibaiarena da.

Ibai delta asko paradisuak dira animalientzat, bereziki hegaztientzat. Gune hauetako asko natura-erreserba izendatu dira. Horren adibide on bat Rodano ibaiaren delta da, Frantziako hegoaldean.

Nola sortzen dira?

Ibai handiek lurra, harea, harriak eta beste material batzuk eramaten dituzte sortzen duten higaduraren ondorioz. Ibaietako ura oso motel mugitu ohi da bukaerako zatian; horregatik, eramaten dituzten sedimentu guztiak (higaduraren materialak) bokalean pilatzen dira. Denborarekin, material horiek kontsolidatzera eta lur sendoa bihurtzera iritsi daitezke, eta ondorioz, ibaiak adar berriak sortu behar ditu itsasora heldu ahal izateko. Ibaiak beti higadura materialak eramaten jarraitzen duenez, deltak geroz eta handiagoak egiten dira.

Zergatik deitzen da delta?

Antzinean, Egiptora bidaiatzen zuten merkatari greziarrak ohartu ziren Nilo ibaia bi adarretan banatzen  zela itsasoratu baino lehen. Itsasoaren eta ibai-adarren artean triangelu formako lur zati bat zegoen, eta greziarrek «delta» izena eman zioten, haien alfabetoko laugarren letraren antza zuelako (Δ); letra horrek ere triangelu forma dauka, eta horregatik ibai deltak izen hori dauka.

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.