Txikipedia:Humanismo
Humanismoa XIV. mendean Italian sortu eta XV. eta XVI. mendeetan garatu zen kultura-mugimendu edo joera intelektual bat izan zen, Errenazimentu edo Pizkundearen ezaugarri izan ziren giza balioen garrantzia azpimarratzen zuena eta munduari buruzko ikusmoldean gizakiari lehentasuna ematen ziona. Erdi Aroko kultura-ereduaren aurrean, antzinako Grezia eta Erromako kultura idatziaren eredu klasikoan oinarritu ziren beren erreferentzia intelektualak eta balio moralak definitzeko. Izan ere, garai hartan hasi ziren agertzen Europako mendebaldean abadia eta konbentuetan gorde eta ahaztuak geratutako antzinako idazle eta pentsalari greziar eta erromatarren testuak, hala nola Zizeron, Tazito, Aristoteles eta Platonenak eta humanistak haien testuak erabiltzen hasi ziren San Jeronimo edo San Agustin pentsalari kristauen testuen ordez.
Lehen humanista Francesco Petrarca izeneko italiar idazlea izan omen zen, eta geroagoko humanista nabarmenak Erasmo Rotterdamgoa, Michel de Montaigne eta Nikolas Makiavelo izan ziren. Humanista gehienak filosofoak, jakintsuak, intelektualak eta artistak ziren, baina baita politikariak ere. Hainbat jakintzagai garatu zituzten: astronomia, zientziak, anatomia, matematikak, hizkuntzak, arkitektura eta filosofia, antzinako grezierazko eta latinezko testuetan oinarriturik.
Pentsamendurako esparru berriak
Humanismoak gizakiari lehentasuna ematen dion arren, ez zuten erlijio kristaua arbuiatu, baina bai bilatzen zuten pentsamendua garatzeko esparru berriak lantzea. Izan ere, Erdi Aroan, pentsamendua erlijio kristauaren esparruko muga estuetara mugatuta zegoen: existitzen den guztia Jainkoak sortutakoa zela pentsatzen zen, eta, beraz, gizakiari buruzko ikusmolde guztia Jainkoaren mende zegoen erabat; horregatik, gizakiak jasaten zituen gaitz guztien aurrean, Jainkoaren, Amabirjinaren edo santuen esku hartzeari dei egiten zitzaion. Aldiz, humanistak pentsalari grekolatino ez-kristauen testuen mezua zabaltzen hasi ziren; alegia, batetik, erakutsi zuten pentsalari horiek ere ongia bilatzen zutela, paganoak izan arren, eta gizakiari eragiten zizkioten gauza guztien aurrean arrazoia eta giza-adimena erabiltzen zutela, Jainkoaren mendekotasunean geldirik geratu beharrean.
Hortaz, XV. eta XVI. mendeetako intelektualek gizakia jarri zuten beren kezken erdigunean. Gizakiarengan sinetsi beharra dagoela pentsatzen zuten, gizakia gai izan daitekeelako bere bizitzaren jabe izateko eta munduaren aurrean jarduteko, bere adimenaz baliaturik. Pentsatzen zuten gizakia bere askatasun indibidualaz balia daitekeela bere egoera eta mundua bera ere hobetzeko, bere kontzientziaren aurrean erantzunez.