Txikipedia:Hostoerorkor

Landare hostoerorkorrak (hostogalkorrak edo kaduzifolioak) dira urtearen zati batean hosto guztiak galtzen dituzten landare, zuhaixka eta zuhaitzak.

Zuhaitz hostoerorkorrek orbela osatzen dute

Ez hotz ez bero gehiegi egiten ez duen munduko lekuetan, hosto erorkorreko zuhaitzek urtaro hotz edo lehorretan galtzen dituzte hostoak. Normalean, udazkenean erortzen hasten dira, zuhaitzak ur gutxiago galtzeko. Udazkenean edo urtaro lehorrean, zuhaitz hostoerorkorren hostoek beren klorofila galtzen dute. Hostoen kolore berdea desagertu ahala, pigmentu gorri, hori edo laranjak ikusgarri egiten dira. Bitartean, zelula-geruza ahul bat garatzen da hosto bakoitzeko pezioloaren oinarrian. Geruza ahul horren eraginez, hostoaren euskarria ahuldu eta hostoa erori egiten da gero. Urtaroak berriro aldatzen direnean, hosto berriak hazten dira.

Landare hostoerorkorren adibideak

Baso hostoerorkorretan aurkitzen diren zuhaitzak, nagusiki, haritzak, pagoak, urkiak, gaztainondoak, zumarrak, astigarrak eta ezkiak dira.

Forma eta altuera desberdinekoak dira eta zuhaizti trinkoak eratzen dituzte, argi gutxi pasatzen uzten dutenak. Zuhaixkak soilguneetatik eta basoen ertzetatik gertu hazten dira gehienbat, argi gehiago dagoen bazterretan. Landare loredunak udaberrian izaten dira ugariak basoan, zuhaitzek hosto osoa izan aurretik.

Non aurki daitezke?

Zuhaitz hostogalkorrek osatutako basoak Ipar Amerikako ekialdean, Eurasiako mendebaldean eta Asiako ipar-ekialdean aurki daitezke batez ere.

Munduko hiru eskualde zabal hauek klima epela dute, eta neguko urtaroa izaten dute. Eskualde horietan hazten diren zuhaitz hostoerorkorrek hostoak galtzen dituzte udazkenean, eta biluzik egoten dira neguan, baina udaberrian hosto berriak hazten zaizkie.

Baso hostoerorkorreko hiru eskualde nagusiek urte osoan izaten dituzte prezipitazioak.

Baso hostoerorkorrak eskualde lehorragoetan ere hedatzen dira erreken ertzetan eta ur-masen inguruan. Baso hostogalkorrei baso hostogalkor epelak edo baso epelak ere deitzen zaie.

Zein zuhaitz mota da ugariena gure artean?

Aspaldiko garaietan, basoak hosto erorkorreko zuhaitzak ugariagoak izaten ziren gure inguruetan, Euskal Herrian. Baina XX. mendean pinua eta beste konifero batzuk hasi ziren gero eta gehiago landatzen basoetan, azkarrago hazten direlako eta zurgintzan erabiltzeko errentagarriagoak direlako, hau da, diru gehiago irabaz daitekeelako. Horren ondorioz, leku askotan, orain koniferoak dira ugariagoak.

Beraz, hosto erorkorreko zuhaitz asko desagertu dira gure basoetatik. Baina ikertzaileek diote hori berriro aldatuko dela: klima berotu ahala, koniferoek zailago izango dute aurrera ateratzea, leku garaienetan bakarrik lortuko dute.

Baso hostoerorkorren irudiak



This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.