Txikipedia:Hondamen natural

Hondamendi (edo hondamen) naturalak fenomeno naturalak dira gizarteei kalte larriak sortzen dizkietenak, hala nola, jende askoren heriotza edo ondasunak suntsitzea. Horregatik bereizten dira fenomeno naturaletatik; azken hauek gizakien bizitza edo ondasunentzat ondorio traumatikorik sortzen ez dutenak dira; ekaitzak, lehorteak, uholdeak edo sumendien erupzioak dira adibide batzuk. Fenomeno hauek erregulartasunez gertatzen dira munduko leku askotan, eta sarritan ez dute kalte larriegirik eragiten. Aldiz, fenomeno natural batek ekosistema osoei eta inguruko izaki bizidun ugariri kalte larriak eragiten dizkietenean eta, bereziki, jende askoren heriotza eta kalte ekonomiko ugari eragiten dituztenean, hondamendi natural deitzen zaie.

Estatu Batuetan 1966an izandako lur-jausi larri baten argazkia.

Lurrikarak, elur-jausiak, tsunamiak, uholdeak eta urakanak dira kalte larriak eta jende askoren heriotza eragin ditzaketen hondamendi naturaletako batzuk.

Gizakiok eraginik badugu hondamen naturaletan?

Hala ere, gizakiak ardura maila handia izan ohi du natural deitzen ditugun hondamendietan. Hondamendi naturalik ez dagoela dioen jendea ere badago, gizakiak direla fenomeno naturalek sortutako kalte larrien errua dutenak.

Adibidez, lurrikarak fenomeno naturalak dira, eta berez ez lukete kalte larririk sortu beharko; baina gizakiek hiriak eraiki dituzte lurrikarak oso maiz gertatzen diren tokietan; eta, lurrikara bat dagoenean, lurraren astinduek eraikin asko suntsitzen dituzte eta jende asko hiltzen da eraikinak erortzen direnean. Horrelakorik ez zen gertatuko leku horietan hiriak eraiki ez balira edo, gutxienez, baliabide teknologikoak erabili izan balira kalteak ahalik eta txikienak izatea lortzeko, adibidez, lurrikarak jasan ditzaketen eraikinak eraikita. Japonian adibidez, lurrikara asko daude, baina gaur egun, eraikitzen dituzten eraikinek lurrikarak jasan ditzakete, ez dira erortzen eta heriotzarik ez da gertatzen edo oso gutxi gertatzen dira.

Fenomeno natural asko ezin dira aurreikusi, hori egia da; baina gobernuek eta agintariek kalteak gutxitzeko behar diren neurriak hartu beharko lituzkete: hiri hobeak eraiki, erabaki politiko hobeak hartu, gaixotasun larrien sendabidea bilatzen saiatu eta fenomeno naturalei ahalik eta eraginkortasun handienarekin aurre egin, ez daitezen beti hondamendi natural bihurtu. Era berean, biztanleen heziketa oso garrantzitsua da hondamendi naturalek sortutako arazoei aurre egiteko. Beharrezkoa da jendeak jakitea zer egin kalteak gutxitzeko.


This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.