Txikipedia:Historiaurrea

Historiaurrea gizakia sortu zenetik dokumentu idatziak azaldu arte iristen den garaia da. Nolanahi ere, kontuan hartu behar da historiaurreko gizarte guztiak ez daudela muga kronologiko berberen barruan: lurreko hainbat lekutan, elkarrekin bizi izan ziren gizarte asko eboluzio-une desberdinetan zeuden, eta haietako batzuetan lehenago azaldu ziren dokumentu idatziak besteetan baino.

Labar-margoak Historiaurrean egin zituen gizakiak.

Ikerlari askoren iritziz, Historiaurrearen eta Historiaren arteko mugak gizarte bakoitzaren garapen ekonomikoarekin du zerikusia: hau da, une jakin batean, baldintza ekonomiko jakin batzuetan, gizarte batean halako premia batzuk sortu ziren, idazkeraren agerpena eragin zutenak.

Historiaurrearen alorrean, funtsezko zeregina betetzen du arkeologiak. Garai urrun horiei buruzko dokumentazio idatzirik ez dagoenez, aurkikuntza arkeologikoak izaten dira historiaurreari buruzko informazio-iturri nagusia: tresnak, armak, pinturak edo bestelako artelanak, bai eta gizakien hezur edo fosilak ere.

Historiaurreko aroak

Aurkikuntza arkeologikoetan oinarrituta, bi zati edo aro bereizten dira Historiaurrean:

  • Harri Aroa: garai honetan, gizakiek harrizko tresnak erabiltzen zituzten beren bizitzako zereginetan. Aro honek 3,4 milioi urte inguru iraun zuen eta gure garaia baino lehenagoko 6000 eta 2000. urteen artean amaitu zen. Haren barruan, beste hiru garai bereizten dira:
    • Paleolitoa: Historiaurreko lehen aroa da (harri zaharraren garaia esan nahi du). Gizakiak sortutako lehen kulturekin hasten da (duela 3 milioi urte inguru) eta gure garaia baino lehenagoko 12000. urtera arte iristen da. Aldi luze honetan, gizakiak harria, hezurrak eta adarrak lantzen hasi ziren tresnak egiteko, eta animalien ehiza eta janari-bilketa ziren haien bizibide nagusia. Nomadak ziren; alegia, ez zuten bizileku finkorik, beti janari bila ibili behar izaten zutelako.
    • Mesolitoa: Historiaurreko bigarren aroa (erdiko harriaren garaia esan nahi du). Gizakiek ehiztari eta biltzaile izateaz gainera, lurra lantzen eta animaliak etxekotzen dituzte; nekazaritzaren eta abeltzaintza hasten dira. Duela 12.000-10.000 urte inguru hasi eta zenbait lekutan gure garaia baino lehenagoko 4000. urtera arte zabaldu zen. Lan tresnak hobetzen joan ziren.
    • Neolitoa: Historiaurreko hirugarren aroa (harri berriaren garaia esan nahi du). Gizakiak nomada ehiztari eta biltzaile huts izateari utzi eta batez ere nekazaritzatik eta abeltzaintzatik ateratzen dute bizimodua. Horren ondorioz, bizileku finkoak hartzen dituzte. Ekialde Hurbilean hasi omen zen lehenago, gure garaia baino lehenagoko 8500. urte inguruan.
  • Metalen Aroa: Historiaurreko azken aroa da. Garai honetan, gizakiak harrizko tresna eta armak erabili beharrean, metalezko tresnak erabiltzen hasi ziren. Gure garaia baino lehenagoko 6000. urte inguruan hasi zen Ekialde Hurbilean, kobrez eginiko tresnen erabilerarekin (Aro horrek badu bere izen berezia ere: Eneolitikoa edo Kalkolitikoa). Aro honen bukaerak ematen dio hasiera historia deitzen dugunari. Metalen Aroa bi arotan banatzen dugu:
    • Kobre-Aroa: Kobrea izan zen gizakia erabiltzen hasi zen lehenengoetako metala. Baina hori ez zen gertatu leku guztietan denbora berean; Egipton, adibidez, gure aroa baino lehenagoko 5000. urte inguruan hasi omen zen; baina mendebaldeko Europan askoz beranduago (ia Egipton baino 2.500 urte beranduago).
    • Brontze-Aroa: Garai honetan brontzea da gizakiek erabiltzen duten metala. Gure garaia baino lehenagoko 4000. urte inguruan hasi zen, baina ez leku guztietan aldi berean.
    • Burdin-Aroa: Garai honetan, burdina da gizakiek tresnak eta armak egiteko erabiltzen duen metala. Gure garaia baino lehenagoko 2000. urtetik hasita 1000. urtera arte iristen da, gutxi gorabehera.

Lurraren denbora-lerroa

  • Duela 4.600 milioi urte – Lurra Eguzkiaren inguruan orbitatzen zuten harri txikiez osatu zen.
  • Duela 3.500 milioi urte – Lehen forma bizidun sinpleak sortu ziren itsasoetan.
  • Duela 600 milioi urte - Lehen animaliak agertu ziren, itsasoan.
  • Duela 500 milioi urte - Lehen animalia eta landareak lehorrean.
  • Duela 230 milioi urte – Lehen dinosauroak agertu ziren.
  • Duela 65 milioi urte – Dinosauroak desagertu ziren.
  • Duela 30 milioi urte - Lehen tximinoak.
  • Duela 2,5 milioi urte - Lehen gizakiak.

Gizakien denbora-lerroa

  • Duela 2,5 milioi urte – Behe Paleolito aroaren hasiera, Australopithecus deitutako hominido bat bizi izan zen garaia. Izaki horiek tresna edo erremintak egiten zituzten harri eta hezurrak erabiliz, eta adarrez egindako aterpeak.
  • Duela milioi 1 urte – Homo erectus deitutako hominidoa bizi izan zen garaia. Harrizko aizkorak eta zurezko lantzak egiten zituzten.
  • Duela 250.000 urte – Lehen Homo sapiens edo izaki modernoa. Sua egiten zuen.
  • Duela 100.000 urte – Erdi Paleolitoa. Neandertal gizakien garaia. Leizeetan bizi ziren eta margolanak egiten zituzten haietan. Hildakoak lurperatzen hasten dira.
  • Duela 40.000 urte – Goi-Paleolitoa. Cro-Magnon gizakiak bizi ziren garaia. Animalien larrua erabiltzen zuten aterpeak egiteko, adarrak armak eta erremintak egiteko.
  • Duela 10.000 urte – Azken glaziazioaren bukaera.
  • K.a. 10.000 – 4000 urte – Mesolitikoa. Europako ipar-mendebaldean, gizakiek arkuak eta geziak erabiltzen zituzten, eta zakurrak erabiltzen zituzten ehizatzeko.
  • K.a. 9.000 – Neolitiko garaia. Ekialde Hurbilean, nekazaritza eta abeltzaintza hasi zen.
  • K.a. 7.000 – Europako hego-mendebaldean, gizakiek kobrea erabiltzen zuten tresnak egiteko.
  • K.a. 2.580 – Antzinako Egipton, Gizako piramideak eraiki zituzten. Ekialde Hurbileko biztanleek burdina erabiltzen zuten.
  • K.a. 3.300 – 1.200 – Brontze Aroa. Gizakiek brontzea erabiltzen zuten tresnak, armak eta lanabesak egiteko.

Ikusi

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.