Txikipedia:Hispaniaren erromanizazioa

Hispaniaren erromanizazioa erromatar kultura Iberiar penintsulan ezartzeko prozesua izan zen. Erromatarrak ez ziren Iberiar penintsulara iritsi hori konkistatzeko asmoz, baizik eta kartagotarren aurka borrokatzeko, beren etsairik boteretsuenak baitziren.

Hispaniaren konkista erromatarra

Interes militarraz gain, Erromak inperio ekonomiko grekoa berreraiki nahi zuen, eta gainera, Italian eskasak ziren material batzuk Iberiar penintsulan ugariak ziren (urrea, zilarra, kobrea eta burdina); baita itsasontziak sortzeko zura ere. Gainera, Iberiar penintsulak milaka soldadu eman ahal zizkion erromatar armadari, eta erromatarrei zerealak ekoizten zituzten lurrak kontrolatzea interesatzen zitzaien, soldaduei eta biztanle gero eta ugariagoei jaten emateko.

Lehen gerra punikoaren ondorioz, 226. urtean Erromak eta Kartagok akordio bat sinatu zuten Hispaniako lurraldeetan zuten eragina banatzeko: Erroma Ebro ibaiaren iparraldean, eta Kartago hegoaldean.

K.a. 218. urtean, erromatar legioak Empúriesen lehorreratu ziren, eta kartagotarren aurkako gerran egon ziren; azkenean, K.a. 206. urte inguruan, erromatarrek irabazi zuten. Ordutik aurrera, erromatarrak Iberiar penintsula indar militarraren bitartez konkistatzen hasi ziren. Batez ere lusitaniarren eta zeltiberiarren aurka borrokatu ziren.

Erromatarrek 200 urte inguru behar izan zituzten lurralde guztia konkistatzeko, eta urte horien bitartean, Hispaniako lurraldeak pixkanaka bizimodu erromatarrera egokituz joan ziren; prozesu hori «erromanizazio» izenaz ezagutzen da. Prozesu horrek gotik behera aldatu zuen penintsulako herrien bizimodua: hizkuntza, erlijioa, hiriko bizitza, ekonomia, ohiturak, eta abar Erromatik zetozen ereduetara egokitu ziren. Penintsulako iparraldeko eremu txiki batzuk bakarrik geratu ziren erromanizatu gabe (herri astur eta kantabriarrak zehazki), baina K.a. 19. urtean, Oktavio Augusto enperadorearen garaian, erromatar armadek azkenean lurralde horiek menperatzea lortu zuten. Azken gerra horietan parte hartu zuten soldaduetako asko Augusta Emerita hirian (gaur egungo Mérida) gelditu ziren bizitzen gerra amaitzean.

Soldadu erromatarra

Erromatar kulturak hegoaldean eta hego-ekialdean izan zuen eragin gehien; bestalde, iparraldeko eta barrualdeko herriek askoz eragin txikiagoa jaso zuten. Hala ere, erromatarrek ia Penintsula osoan batasun linguistikoa ezartzea lortu zuten, «Vasconia» deitzen zuten lurraldean izan ezik. Azkenean, latina hizkuntza komun gisa ezarri zen, eta horretatik abiatuta sortuko ziren hizkuntza erromantze guztiak.

Erromanizazio prozesuan, komunikabideek oso garrantzi handia izan zuten. Erromatik hasita lehenengo galtzadagaltzadak8ik sortu ziren arrazoi militarrengatik eta merkantziak errazago garraiatzeko. Lurralde guztitik zabaldu zituzten ibilbideak, eta momentura arte isolaturik egondako lurrak komunikatu zituzten.

Eraikitzaile erromatarrek eraikuntzako teknika, lanabes eta material berriak sortu zituzten. Eraikinez eta hiriez gain, erromatar arkitektoek mota guztietako lanak eraiki zituzten penintsulan: zubiak, ubideak, termak, zirkuak, tenpluak, antzokiak, anfiteatroak, etab.

«Erromatar Zuzenbidea» herri erromatarren sorkuntzarik handienetako bat eta mendebaldeko zibilizazioari egindako ekarpenik handienetako bat izan zen. Gainera, Erromatar Zuzenbidea ez zen desagertu Erromatar Inperioaren gainbeherarekin batera; izan ere, Erdi Aroan egokitu eta garai modernoetara arte iritsi zen. Erromako sistema juridikoa gaur egungo mendebaldeko munduaren zuzenbidearen nukleoa da. Norbanakoaren eskubideen babesean, eta zehazki, jabetzaren eskubidearen babesean datza.

Erlijioari dagokionez, kristautasuna azkar hedatu zen Erromatar Inperioan zehar, eta penintsulara ere iritsi zen.

Erromanizazio prozesua motela eta zaila izan zen. Berrehun urte baino gehiago iraun zituen, eta lusitaniar eta zeltiberiar herriak behin baino gehiagotan matxinatu ziren. Numantziako hiritarrek, adibidez, zortzi hilabetez eutsi zioten erromatarren setioari (hiria menderatzeko eraso jarraituari), eta azkenean, etsi baino lehen, denek euren buruaz beste egin zuten.

Hispaniak orobat ekarpen garrantzitsuak egin zizkion Erromatar Inperioari. Trajano, Hadriano eta Teodosio enperadoreak Hispanian jaio ziren, eta Seneka filosofo garrantzitsua Corduba hirian jaio eta Erroman hezi zen.

Hispaniako antolaketa

K.a. I. mendeko gerra zibilen ondoren, Oktavio Augustok «erromatar bakea» deiturikoa ekarri zuen, eta horren ondoren, Hispaniako lurraldeek nahiko bizitza lasaia izan zuten K.o. IV. mendera arte. 400 urte horien bitartean, penintsulako bizimodua erromatar modura antolatu zen, eta lurraldeen antolaketa erromatarra finkatu zen.

Konkistak iraun zuen bitartean, Hispania bi probintziatan banatu zuten arrazoi militarrengatik: Ziterior eta Ulterior. Zatiketa horrek K.a. I. mendera arte iraun zuen, eta ondoren, hiru probintziatan banatu zuten: Betika (Penintsulako hegoaldea, ia gaur egungo Andaluzia), Lusitania (gaur egungo ia Portugal osoa eta Extremadurako zati bat) eta Tarraconensis (gainerakoa).

Hispania erromatarra, Dioklezianoren garaian (K.o. 300)

Beranduago, Dioklezianoren garaian (III. mendea), eta Erromatar Inperioaren gainbeherara arte, Hispania bost probintziatan banatuta egon zen:

  • Betika: hiriburua Corduba zen (gaur egungo Kordoba). Probintzia aberatsenetako bat zen.
  • Lusitania: hiriburua Augusta Emerita zen (gaur egungo Mérida).
  • Tarraconensis: hiriburua Tarraco zen (gaur egungo Tarragona). Erromatarren menperaldia bukatu arte ia berdin mantendu zen.



This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.