Txikipedia:Hiri-estatu

Hiri-estatu bat hiri batez eta bere inguruko lurralde txiki batez osatutako estatu burujabe edo independente bat da. Gaur egun, ia hiri moderno guztiak herrialde baten parte dira; antzinaroan eta Erdi Aroan, aldiz, estatu burujabeak ziren hiriak zeuden. Hiri-estatu bakoitzak bere burua eta inguruko lurraldeak gobernatzen zituen.

Mesopotamiako hiri-estatuak.

Lehenengo hiri-estatuak Mesopotamian (gaur egungo Irak) sortu ziren K.a. 5000-2500 urteen bitartean. Geroago, Grezian beste hiri-estatu batzuk sortu ziren. Hiri-estatu greziar horietan, mota askotako gobernuak egon ziren. Adibidez, Atenas demokraziaren sorlekua izan zela esaten da. Esparta, aldiz, erregeek gobernatutako gotorleku militar bat zen.

Greziako hiri-estatuak ahulegiak ziren, ordea, eta indar nahikorik ez zuten inbaditzaile boteretsuei aurre egiteko. Horregatik, antzinaroan mazedoniarrek (Alexandro Handiaren gidaritzapean), eta beranduago erromatarrek Grezia konkistatu zuten, eta hiri-estatu gehienek gainbehera handia izan zuten.

Erdi Aroan, hiri-estatuak berriz sortzen hasi ziren Europan. XI eta XV. mendeetan zehar, Veneziak, Florentziak, Genovak, Amalfik eta beste hiri-estatu batzuek garrantzi handia izan zuten gaur egun Italia denaren barruan. Gure garaiko Belgika eta Alemania direnen iparraldean ere hiri-estatuak sortu ziren. Hiri horietako batzuek aberastasun handiak lortu zituzten merkataritzari esker, baina beranduago, lurralde handiagoak okupatzen zituzten erreinuak sortu zirenean, euren burujabetasun edo independentzia galdu zuten.

Gaur egun hiri-estatutzat jotzen den herrialde bat Singapur da, 1965ean Malaysiatik banandu zenetik. Bere geografiari esker (hiri garrantzitsu bat duen uharte handi bat da), hiri-estatu autonomo edo burujabe gisa garatu ahal izan zen.



This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.