Txikipedia:Higadura

Higadura lurraren gainazalean dauden materialak (lurra, lokatza, harriak, etab.) pixkanaka desegiten edo desintegratzen dituen prozesu naturala da. Prozesu hori euri eragiten dutenak honako hauek dira, batez ere:

  • Eguraldia (euria bere forma guztietan, haizea, hotza, beroa).
  • Ur edo airean disolbatutako osagai kimikoak.
  • Ibaiak, lurpeko ura eta itsasoa.
  • Organismo bizidunak.
Bardeak, higadura handia duen lurraldea.

Higaduraren ondorioz, askatzen diren materialak ez dira toki berean gelditzen, urak, haizeak edo beste eragileek lekuz aldatu edo garraiatu egiten dituzte. Horixe da higaduraren ondoren datorren fasea: garraioa. Azkenik, bai aldapa gutxitzen delako, bai eragileen abiadura gutxitzen delako, material horiek leku egonkorrago batera iristen direnean, bertan pilatzen dira. Prozesu horri sedimentazioa deitzen zaio.

Fase eta prozesu guzti hauen ondorioz, lurraren erliebea etengabe aldatzen da.

Nola gertatzen da higadura?

Goian aipatutako eragile bakoitzak era desberdineko higadura sortzen du:

Eguraldiak eragindako higadura

Haizearen higadurak sortutako arkua.

Eguraldiak bi eratako eragina edukitzen du lur azaleko materialak desegiteko orduan:

  • Meteorizazioa: lur azaleko harkaitzak pixkanaka apurtzen joaten dira hainbat arrazoirengatik eta grabitatearen laguntzaz.
    • Tenperaturaren aldaketagatik: eguneko beroarekin, harriak apur bat handitu egiten dira (dilatazioa deitzen dugun fenomenoa da), eta gaueko hotzarekin, berriz, kontrakoa gertatzen zaie, apur bat uzkurtu egiten dira, alegia. Hotz-beroaren eragina etengabea denean, azkenik harkaitzak apurtu egiten dira.
    • Euriaren eraginagatik: euria harkaitzen arrakala eta zuloetan sartzen da; euri-ura izozten denean, hura ere dilatatu egiten da, bolumena handitzen zaio. Bolumen handiagoak presioa egiten du harkaitzako arrakala edo zuloaren kontra, eta azkenik harkaitza apurtzera irits daiteke. Bestalde, euria-urak dituen osagai kimikoek ere eragin berbera eduki dezakete harrian.
  • Higadura: meteorizazioaren ondoren dator, eta, nolabait, mugimenduaren eraginarekin gertatzen da. Higadura modu desberdinetakoa izan daiteke:
    • Haizeak eragindakoa: haizeak lur gaineko material txikiak mugitzen ditu lekuz eta pixkanaka aldatzen du lurraren azala; gainera, haizeak partikula txikiak harrotzen ditu, eta horiek adibidez harri baten kontra jotzen dutenean, pixkanaka-pixkanaka apurtzen joaten dira harri edo harkaitz horren azala, puxka txikitan.
    • Euriak eragindakoa: ugaria denean, euriak ere garraia ditzake lur gaineko material txikiak leku batetik bestera, aldapan behera mugitzen denean.
Erreka batek sortutako higadura.

Ibaiek eragindako higadura

Erreka eta ibaietako urak etengabe higatzen ditu bazterrak eta hondoko gainazala ere; hau da, material horiek dauden lekutik askatzen ditu eta, gero, leku batetik bestera mugitzen ditu. Higaduraren fase bat da hori: garraio fasea.

Beste fase bat dator ondoren; erreka eta ibaietako urak garraiatu dituen material horiek beste nonbait geratu edo pilatuz joango dira, eta lurzoru berriak sortu ere egin ditzake. Fase honi sedimentazioa deitzen zaio.

Itsasoak eragindako higadura

Itsasoak eragindako higadura.

Itsasoaren mugimenduek eragina izaten dute itsasertzean eta higatu egiten dute. Olatuek eragiten dute higadura hori: lehorreko lurraren edo harkaitzen kontra jotzen dutenean, batzuetan indar handia izaten dute eta, gainera, olatuek harrizko partikulak izaten dituzte; ondorioz, itsasertzean topatzen dituzten harriak eta harkaitzak pixkanaka apurtzen dituzte. Horrela sortu dira itsaslabarrak, milaka eta milaka urtetako olatuen eraginez.

Glaziarrek eragindako higadura

Glaziarrak sortutako higadura.

Klima hotzeko lurraldeetan, izotza izaten da lurraren erliebea eraikitzen duena. Leku baten elur asko pilatzen denean, elur hori udan urtzen ez bada, izotza metatuz joaten da. Metaketa horiei glaziar deitzen zaie. Glaziarrak oso pixkanaka mugitzen dira eta mugimendu horretan inguruko lurra eta harkaitzak marruskatu eta higatu egiten dituzte. Milaka urteren ondoren, zulo oso sakonak egitera irits daitezke. Horrela sortuak izaten dira mendi arteko troka, sakan eta haran asko, aspaldiko graziarrek eragindako higaduragatik.

Izaki bizidunek eragindako higadura

Landare eta animaliek ere sortzen dute higadura.

Landareen sustraiek lurra zulatu egiten dute behar duten ur eta hezetasunaren bila. Landare handien sustraiak harri bigunen geruzak zulatzeko gai dira, bai eta harri batzuk puskatzeko ere. Bestalde, landare txiki eta likenek ere pixkanaka-pixkanaka higatzen dituzte haien azpiko gainazalak; likenak harri biluzien gainean hazitzen dira, harrien deskonposaketan parte hartzen dute eta organismo handiagoei laguntzen diete higadura hori handitzen.

Bestetik, animaliek ere parte hartzen dute lur azalaren higaduran; zizareek, intsektu batzuek eta beste animalia handiago batzuek ere lurra zulatu, zanpatu eta apurtzen dute, eta harriak deskonposatzen laguntzen duten jariakinak botatzen dituzte; mikroorganismoek ere osagai kimikoekin eragiten dute higaduran.

Gizakiek eragindako higadura.

Gizakiak eragindako higadura

Gizakiak ere izan dezake eraginik higadura areagotzeko orduan, bere jarduera desberdinen bidez. Adibidez, gizakiak lur zati handiak basogabetu edo deforestatu ditu zuhaitzak moztuz; lurra zulatu egiten du, eraikuntzarako materialak, mineralak eta erregaiak aurkitzeko. Gizakiaren eraginagatik, badirudi gainera higaduraren erritmoa inoiz baino handiagoa dela; eta hori eragin kaltegarria edukitzen ari da, besteak beste, Klima-aldaketan ere. Izan ere, lur gaineko basoak eta landare-geruzak desagertzen direnean, higadura eragiten duten prozesuak azkartu egiten dira, eta horrek hondamendi handiak eragin ditzake. Horrela, mundu osoko lurralde zabal ugari, antzina inguru emankorrak baziren ere, egun desertu bihurtzeko arriskuan daude, neurriak hartzen ez badira.


This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.