Txikipedia:Hibernazio

Hibernazioa animalia batzuek neguaren gogortasuna jasateko daukaten modua da. Leku seguru batean ezkutatu eta bertan geratzen dira negua bukatu arte. Hibernatzen ari diren animaliek ia hilda daudela dirudite. Ia ez dute arnasarik hartzen, eta haien gorputzaren tenperatura izozteko puntuan egoten da. Eguraldia epeltzen hasi orduko, haien ohiko bizimodura itzultzen dira.

Hibernatzen ari den muxar grisa.

Hibernatzen duten animaliei hibernatzaileak deitzen zaie. Adibidez, hibernatzaileak dira saguzarrak, trikuak, katagorriak eta marmotak.

Animalia batzuek bizi diren inguru naturalaren baldintzetara egokitzeko duten modua da hibernazioa. Neguan tenperatura asko jaisten denean, janaria gutxitzen da (soroak izotzez eta elurrez bete daitezkeelako), eta animaliak gosez hil daitezke janaririk aurkitu ezin dutelako. Hibernatzeko gaitasuna muturreko hotzak sortutako zailtasunei aurre egiteko erantzuna izan zen.

Nola egiten dute hibernazioa?

Hibernatzaileek leku ilun eta isilak dituzte gustuko negurako. Batzuk lurraren azpira sartzen dira, eta beste batzuk haitzuloetara. Haien gordelekuak belarrez, ilez eta bestelako materialez betetzen dituzte.

Negua hurbiltzean, hibernatzaileek gehiago jaten dute. Koipea metatzen dute, jaten ez duten hilabeteetan zehar bizirauteko. Haietako batzuek janaria bildu eta gorde egiten dute hibernatu aurretik. Batzuetan, hibernazioak iraun bitartean, jateko esnatzen dira eta ondoren hibernatzera itzultzen dira.

Hibernatzaileen gorputza eguraldiaren arabera egokitzen da. Eguraldia hotzegia bada, gorputzeko tenperatura igotzeko mugitu behar izaten dute. Hori egin ezean, hil egin daitezke. Tenperatura epelak iristen direnean jakiten dute hibernaziotik irten daitezkeela.

Atmosferaren tenperatura gutxieneko maila batetik behera jaisten denean, animalia lokartu egiten da, eta hilda dagoela eman dezake. Batzuetan, animaliek forma zehatz bat hartzen dute haien burua hotzetik babesteko, pilota forma, adibidez.

Hibernazioan zehar, animaliak lozorro egoeran sartzen dira neguan: haien bihotzak askoz motelago egiten du lan, arnastu ere motelago egiten dute, eta haien tenperatura lau edo bost gradu jaisten da. Animaliek egoera normalean ezinbestekoak izango liratekeen ekintzak egiteari uzten diete, adibidez jateari, edateari, edo txiza eta kaka egiteari.

Udaberria hurbildu ahala, hibernatzen duten espezieek aldaketa batzuk izaten dituzte gorputzean: haien gorputzaren tenperaturak gora egiten du tenperatura normalera itzuli arte, arnasa berreskuratzen dute eta esnatu egiten dira azkenik, normalean pisu-galera handiarekin. Orokorrean, momentu hori bat etortzen da parekatze-garaiaren hasierarekin.

Hibernazioa lo egitea bezala da?

Animalia askok neguan energia mantentzen dute lo gehiago eginda, baina animalia horiek ez dira benetan hibernatzen ari. Animalia batek besterik gabe lo egiten duenean, bere gorputzaren tenperatura ez da asko jaisten. Gainera, zarata batek lo dagoen animalia esnatu dezake, baina ez hibernatzen ari den animalia.

Hartzek, adibidez, euren ohiturak aldatzen dituzte neguan, baina ez dira benetako hibernatzaileak. Neguaren zati handi bat ematen dute lo, baina haien gorputzaren tenperatura ez da ia jaisten. Hartz bat esnatuz gero, suspertu egingo da. Gainera, emeak erditu egiten dira garai horretan, eta kumeei titia ematen diete.

Hibernatzeko beste modu batzuk

Ugaztun batzuk soilik dira benetako hibernatzaileak. Baina beste animalia batzuek antzeko zerbait egiten dute. Klima epeleko hainbat narrasti eta anfibio moteldu egiten dira neguan. Igelak eta apoak putzuen hondoan geratzen dira, zuloetan edo lokatzetan. Sugeak kobetan gera daitezke, elkarrekin bilduta. Intsektu eta armiarma asko erabat izozten dira neguan zehar.

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.