Txikipedia:Heliozentrismo
Heliozentrismoa edo teoria heliozentrikoa Unibertsoaren eraketari buruzko teoria bat da, esaten duena Eguzkia geldirik dagoela Unibertsoaren erdian eta Lurra eta beste planetak haren inguruan biraka mugitzen direla. Teoria honetan, izarrak geldirik daude mugitzen ez den espazioan.
Nikolas Koperniko izeneko astronomo eta matematikariak eman zuen ezagutzera 1543an, De Revolutionibus Orbium Coelestium liburuan, nahiz bera ez izan historian teoria hori defendatu zuen lehenengo pentsalaria: izan ere, antzinaroan, K.a. 200. urtean, Aristarko Samoskoa izeneko matematikari batek pentsatu zuen Lurra ez zela unibertsoaren erdigunea. Baina, hala ere, geozentrismoak denbora luzez jarraitu zuen izaten Unibertsoaren eraketari buruzko teoriarik zabalduena.
Beraz, Koperniko iritsi arte, ia guztiek eredu geozentrikoan sinesten zuten, hau da, Lurra unibertsoaren erdian zegoela uste zuten, eta Eguzkia, Ilargia, planeta guztiak eta izarrak horren inguruan biratzen zirela. Hala eta guztiz ere, Kopernikoren eredua ez zen guztiz aintzat hartu bera hil eta ehun urte pasa arte, hau da, Galileok heliozentrismoaren aldeko behaketak bildu zituen arte. Haren iritziz, Eguzkia unibertsoaren erdigunea zen eta gainerako argizagi ego objektu astronomikoek horren inguruan bira egiten zuten, eta Ilargiak, aldiz, Lurraren inguruan. Teoria horren ondorioz, Inkisizioak Galileo heretikotzat (Elizaren teorien kontrakotzat) jo eta epaitu zuen. Eliza Katolikoak gogor erreakzionatu zuen Kopernikoren teoriaren kontra ere.
Gaur egun badakigu teoria heliozentrikoa eta Kopernikoren azalpena ere ez direla guztiz zuzenak: egia da Lurra eta Eguzki Sistemako gainerako planetak Eguzkiaren inguruan biratzen direla, eta ondorioz, Eguzkia dela sistema horretako erdigunea; baina badakigu Eguzkia ez dela Esne Bidea galaxiaren, ezta unibertsoaren erdigunea ere. Gure eguzki-sistema unibertsoko konta ezin ahalako galaxia ugarietako bat besterik ez da.
Bestalde, Newton eta Kepler zientzialariek, besteak beste, XVII. mendean eragiketa matematiko zehatzen bidez azaldu zuten nolakoak diren planeten orbitak, eta egiaztatu zuten izarrak ere mugitzen direla.