Txikipedia:Haumea (planeta nanoa)
Haumea Eguzki-sistemako planeta nano bat da. Kuiper gerrikoa izeneko eremuan dago. Eremu hau Neptunoren orbita baino urrunago dago, eta izotzezko objektu eta planeta nano asko daude bertan.
Haumea Plutonen neurriaren hiru laurden dela uste dugu, eta 1.200 km-ko diametroa duela gutxi gorabehera.
2005ean eman zuten haren aurkikuntzaren berri, eta 2008an ofizialki planeta nano izendatu zuten. Haumea jaiotzaren eta ugalkortasunaren hawaiiar jainkosa da, eta haren omenez jarri zioten izen hori planeta nanoari. Haumeak bi ilargi txiki ditu, eta jainkosaren bi alaben izenak dituzte: ilargi handienak Hi'iaka izena du, Hawaii irlaren eta hula dantzarien jainkosa, eta ilargi txikienak Namaka, ur-espiritu bat.
Non dago?
Neptuno baino urrunago dago, Eguzkitik batez beste 6.500 milioi kilometrora. Hau da, Lurra baino 43 aldiz urrunago dago Eguzkitik. Haumeak 283 urte baino gehiago behar ditu bere orbita osatzeko.
Zerez dago osatua?
Haumearen osaera ere nahiko berezia da. Kuiper gerrikoko objektu gehienek osaera berdina dute, erdi arroka eta erdi izotz dira, gutxi gorabehera. Haumea, aldiz, ia guztiz arrokaz osatua dago, eta izotz geruza fin bat besterik ez du. Astronomoek uste dute agian garai batean Haumeak askoz izotz gehiago zuela. Beharbada, orain dela denbora asko beste objektu batekin egin zuen talka, eta talka horren eraginez lehen zuen izotz gehiena galdu eta askoz azkarrago hasi zen biraka. Teoria horren arabera, Haumeak galdutako izotz zati horietatik haren bi ilargiak, Hi'iaka eta Namaka, sortu ziren, baita antzeko orbita duten inguruko beste hainbat izotzezko objektu ere.
Ezaugarriak
Haumea oso berezia da, oso ezaugarri fisiko bereizgarriak baititu. Forma luzexka duela uste dugu, elipsoide baten antza gehiago duena esfera perfektu batena baino. Bere biraketa azkarraren ondorioz du forma berezi hau, izan ere, lau ordu besterik ez ditu behar biraketa oso bat egiteko. Biraketa honen ondorioz, poloak zapaldu egiten dira, eta ekuatorea zabaldu. Horrela, Haumeak beste inongo planeta nano batek ez duen forma du. Gainera, haren gainazala izotz geruza batek estaltzen du, ur izoztuz osatua dagoena batez ere.