Txikipedia:Hartz Handia
Hartz Handia ipar hemisferioan ia urte osoan ikus daitekeen konstelazio bat da. Lurreko hainbat herritan milaka urtez izar hauek elkarren artean hartz baten irudia osatzen zutela pentsatzen zutelako deitzen zaio horrela.
Hartz Handia soilik ipar hemisferioan ikus daiteke. Zerumugatik gertu ageri da udazkenean; udaberrian gaueko zeruaren goialdean egoten da. Apirilean eta maiatzean, gaueko hamarrak aldera, Hartz Handia ia zeruaren gainaldean agertzen da.
Hartz Handiko izarrak
Dozena bat izarrek baino gehiagok osatzen dute Hartz Handia. Izar bikoitz bat ere ikusi dezakegu, nebulosa bat eta hainbat galaxia urrun, teleskopio baten laguntzaz ikus daitezkeenak. Hala ere, zazpi baino ez dira Hartz Handiaren irudia osatzen duten izarrak.
Hartz Handiko izarren arteko bik Iparrizarra aurkitzen laguntzen dute. Merak eta Dubhe dute izena eta Hartz Handiaren kanpoaldeko ertza osatzen dute. Merak izarretik hasi eta Dubhe gurutzatzen duen lerro imajinario batek Iparrizarra seinalatzen du zuzenean.
Iparrizarra Lurreko Ipar Poloaren gainaldean kokaturik dago. Geldi dagoela dirudi, gainontzeko izarrak 24 ordutik behin haren inguruan jiraka dabiltzala dirudien bitartean. Marinelek eta gauez bidaiatzen duen beste edozeinek Iparrizarra erabili izan dute denbora luzean zehar Iparraldea non dagoen jakin ahal izateko.
Mitoak
Antzinako greziarrek arktos (grezieraz “hartz” esan nahi du) izena jarri zioten Hartz Handiari. Greziar mitologian, Zeus jainkoak Kalisto maite zuen, hartz bihurtua izan zen ninfa bat. Kalisto babeste aldera, Zeusek izarren artean kokatu zuen. Haren seme Arkas beranduago gehitu zitzaion gaueko zeruan. Hartz Handiaren heldulekua baino haratago aurki dezakegu haren izena duen izarra. Haren izenak, Arkturus, “hartz zaindari” esan nahi du.