Txikipedia:Harri Aroa
Harri Aroa Historiaurrean bereizten dugun lehen aro edo garaia da. Horrela deitzen zaio, harria izan zelako garai hartan gizakiak erabili zuen material nagusia eguneroko bizitzako zereginak egiteko behar zituen armak, tresnak eta bestelako objektuak egiteko. Dena den, harria ez zen izan aldi horretan erabilitako material bakarra, zura, adarrak eta hezurrak ere asko erabiltzen ziren.
Harri Aroan zehar gertaera garrantzitsu ugari gertatu ziren gizakiarentzat; hasteko, gizakiaren eboluzioak aurrera jarraitu zuen, espezie desberdinen agerpen eta desagerpenarekin. Gizakiak, gainera, munduan zehar sakabanatzen hasi ziren, klima eta habitat desberdinak aurkitu zituzten, eta horietara egokitzen ikasi behar izan zuten. Egokitzapen hori lortzeko, gauza berriak asmatu behar izan zituzten: sua izan zen haien aurkikuntza nagusietako bat, baina tresna eta erreminta berriak ere diseinatu zituzten, arropak erabiltzen hasi, haitzuloak hartu zituzten babesteko.
Gainera, gizataldeek zentzu sozialean hobeto antolatzea lortu zuten; haien sistema ekonomikoa ere pixkanaka hobetuz joan zen, eta lan teknika berriak garatu zituzten biziraun ahal izateko.
Harri Aroaren ezaugarriak
- Glaziazioen ondoren gertatu zen.
- Asmakizun eta aurkikuntza askoren garaia izan zen, gizakiek baliabide gutxi eskura izan arren.
- Sua bihurtu zen gizakiaren bilakaerarako elementu nagusia.
- Ehiza eta arrantza asko hobetu ziren, helburu horretarako egokiak ziren arma eta tresna egokiak lortu ondoren.
- Nabigazioa hasi zen, txalupa eta kanoak erabiliz.
- Gizakiak asko garatu zuen bere pentsatzeko gaitasuna.
- Armen eta erreminten material nagusia harria bazen ere, beste material batzuk ere erabiltzen ziren.
- Glaziazioen ondoren, gizakiak bizimodu nomada atzean utzi eta sedentarismoan sartzen hasi ziren.
- Nekazaritza sedentarismoaren ondorioz hasi zen garatzen.
Harri Aroaren garaiak
Harri Aroaren barruan, zenbait garai desberdin bereizen ditugu:
Paleolitoa
Paleolito hitzak 'harri zahar' esan nahi du (paleo= zahar, lito= harri). Aldi honetan zehar bi teknika erabili ziren nagusiki: harriaren kolpekatzea eta zizelkatzea. Garau hau orain dela 4 milioi urte hasi zen (hominizazio-prozesuarekin) eta k.a. 10.000 urtean amaitu zen nekazaritzaren asmatzearekin. Izaki bizidunak nomadak ziren, haitzulo edo kobetan bizi ziren, harrapakariak ziren (ehiza, arrantza eta basa-fruituak biltzen zituzten), talde txikiak osatzen zituzten eta lanak banatzen: gizonek ehiza eta emakumeek bitartean fruituak biltzen.
Mesolitoa
Mesolitoa terminoak historiaurreko aldi bat izendatzeko balio du, Paleolito eta Neolito artekoa. Harriaren 'Erdiko Aroa' esan nahi du Paleolitoaren (harriaren aro zahar) eta Neolitoaren (harriaren aro berria) kontraposizioan.
Arma nagusiak arkua, zurez eta animalia tendoiz egindakoak, eta gezia izan ziren, geziei puntan forma geometriko askotako harridun punta txikiak eransten zitzaizkien.
Neolitoa
Neolito hitzak 'harri berri' adiera du (neo= berri, lito= harri). Garai honetan, harriaren leuntze teknika erabili zen, aurrekoa baino teknika garatuagoa. Ekialde Hurbilean hasi zen K.a. 10.000 urtean (nekazaritzaren aurkikuntzarekin) eta K.a. 3 mila edo 5 mila urtean amaitu zen (idazkeraren asmakuntzarekin). Izaki bizidunak sedentarioak ziren, herrixketan bizi ziren, talde handiagoak osatzen zituzten, ekoizleak ziren eta zereginak banatzen zituzten.
Zer jaten zuten Harri Aroko gizakiek?
Lehen aipatu dugun bezala, suaren aurkikuntza izugarrizko laguntza izan zen gizakiarentzat urte horietan guztietan bizirik irauteko: garai hartako klima hotzean, suak bero-iturri batez gozatzeko aukera eman zien. Baina horretaz gain, suak ehizetik lortzen zuten haragia hobeto prestatzeko aukera ere eman zien, jateko errazagoa bihurtuz eta digeritzean elikagaiak hobeto ateraz.
Garai honetako gizakiak sarraskijale izatera iritsi ziren, hau da, hilda aurkitutako animaliak ere aprobetxatzen zituzten jateko; baina, batez ere, bilketatik eta ehizatik bizi ziren. Nolanahi, hasieran, gizakiak ez ziren oso ehiztari trebeak izango. Horregatik, denbora luze batez, bilketa zen haien janari-iturri nagusia, hau da, sustrai, fruitu eta hazien bilketa.
Elikagaien bilketa
Elikagaien bilketak nekazaritza eta abeltzaintza ekarri zituen Harri Aroan; gizakiak bildutako sustrai eta haziak ereiten eta zenbait animalia hazten hasi ziren. Horren ondorioz, gizakiek ereintza eta animaliak zeuzkaten lekuetan geratu behar izaten zuten, eta horrek bizimodu sedentariagoa egitera behartu zituen. Bestalde, lortzen zuten uzta gordetzeko beharra sortu zitzaien, eta, horregatik, buztinezko tresnak asmatu zituzten helburu horrekin.
Ehiza
Denborarekin, gizakiak ehizarako armak eta teknikak hobetzen joan ziren, eta, horri esker, tamaina handiko animaliak harrapatzea lortu zuten. Ondoren, gizakiaren gaitasunen bilakaerarekin eta baita bere teknikekin ere, ehizaldia eraginkorragoa zela eta bere beharrak modu osatuagoan betetzen zituela konturatu ziren.
Ehiza-teknika horiek harrapatu nahi zuten animaliaren arabera egokitu ziren. Hasieran, animalia handiagoak zeuden, eta, beraz, pertsona ugarik parte hartu behar izaten zuten ehizaldietan; lurra berotzearekin eta espezie batzuk desagertzearekin, berriz, teknika horiek sinplifikatu eta animalia txikiagoetara egokitu behar izan zituzten.
Ekonomia Harri Aroan
Harri Aroaren hasieran, gizakiak helburu bakarra zuen: bizirik irautea. Lortzen zituzten janari guztiak kontsumitu behar izaten zituzten, bizirik jarraituko bazuten. Beraz, ez zegoen merkataritzarik.
Geroago, ordea, nekazaritzaren eta abeltzaintzaren garapenarekin, bizirauteko beharrak ase ondoren ere soberakinak egoten hasi ziren, gizatzale bakoitzak biziraupenerako behar baino elikagai gehiago eduki zitzakeen; horiek horrela, soberakin horiekin trukeak egiteko aukera zabaldu zen. Horrela sortu ziren gizakien arteko harreman ekonomikoak.