Txikipedia:Harraparitza
Harrapari deitzen zaio bere burua elikatzeko beste animalia bat ehizatu eta hiltzen duen animaliari; harrapariak ehizatzen duen animalia, berriz, harrapakina da. Harrapariak beti dira haragijale edo orojaleak. Harraparien artean honakoak aurki genitzake: belatzak, arranoak, katuak, krokodiloak, sugeak, otsoak, orkak, otarrainak, lehoiak eta marrazoak.
Harrapari eta harrapakinak espezie ezberdinetakoak izan ohi dira orokorrean; bestalde, animalia harrapari bat beste baten harrapakina izan liteke aldi berean. Adibidez, lehoiak animalia harrapariak dira, baina krokodilo baten harrapakin ere izan daitezke.
Animalia harrapariek ekosistemen oreka mantentzen laguntzen dute: haien bidez, espezieetako indibiduo kopurua kontrolatzen da. Harrapari faltagatik espezie bat inolako kontrolik gabe ugaltzen hasten bada, ekosistemaren oreka apur lezake. Beste alde batetik, animalia harrapariek nolabait badakite ezin dituztela euren ehizaki guztiak desagerrarazi, hori hala balitz eurak ere desagertuko lirateke eta.
Beste alde batetik, animalia harrapariek euren gorputzean egokitzapenak garatu dituzte harrapakinaren aurkako borroka irabazteko; adibidez, harrapari batzuek atzapar edo hortz zorrotzak garatu dituzte, azkarrago mugi daitezke, edota euren gorputzek pozoi edo substantzia toxikoak sortzen dituzte harrapakinak ehizatzeko. Harrapakin edo ehizaki izan ohi diren animaliek ere egokitzapen fisikoak garatzen dituzte bizirauten saiatzeko: batzuk oso azkarrak dira, beste batzuk oso erraz ezkutatzen dira inguruan kamuflatuz; beste batzuek usain edo zapore desatsegineko substantziak jaurtitzen dituzte edo pozoitsuak direla aditzera ematen duten koloreak erakusten dituzte.
Gizakiok harrapariak al gara?
Bai, orojaleak garela eta beste animalia espezie batzuei esker elikatzen garela kontuan hartuta; baina beste harrapari batzuen harrapakin ere izan gaitezke.
Izan ere, gizakia "superharrapari" bat dela esan ohi da, beste edozein harraparik baino animalia espezie gehiago ehizatu eta hiltzen baititugu, baita elikatzeko beharrezkoa ez bada ere. Oso teknologia eraginkorra garatu dugu edozein inguru naturaletan ehizatzeko eta arrantzatzeko; eta kasu gehiegitan, kontrolik gabe egiten ditugu ekintza horiek, espezieen biziraupena arriskuan jartzeraino.
Gizakiaren jarrera hau kalte larriak eragiten ari da ia ekosistema natural guztietan eta espezieen desagerpenaren kausa nagusia ere izan da; gaur egun, animalia-espezie asko dago galzorian mundu osoan giza superharraparitzaren eraginez. Horregatik, egia esan, planetako superharrapari bakarrak garela esan liteke.