Txikipedia:Hari instrumentu
Hari instrumentuak (kordofonoak) tenkaturiko haria bibraraziz hotsa ematen duten musika-tresna edo instrumentuak dira. Harien bibrazioa lortzeko hauek pultsatu, igurtzi ala kolpatu daitezke.
Kordofonoek forma ezberdinetako gorputzak izaten dituzte, baina gehienek erresonantzia-kutxa izaten dute. Kutxa honek soinua ozenago bihurtzeko balio du, eta hainbat zulo izan ditzake (ahoa edo leihoak), hotsa kanpoaldera proiektatzeko.
Motak
Pultsatutakoak
Pultsatutakoen artean gitarra, mandolina, lautea, bandurria eta harpa ditugu, besteak beste. Tresna hauetan, hariak hatzez edo plektro izeneko ziri edo pieza batez pultsatu ohi dira.
Igurtzitakoak
Igurtzitakoen artean, biolina eta bere familiako tresnak ditugu, biola, txeloa eta kontrabaxua, adibidez. Aipatutako tresna hauen hariak arku baten bidez igurtzi ohi dira.
Herri-musikan erabiltzen diren arrabita eta zarrabetea ere igurtzitako harien taldekoak dira, baita Arizkungo harpa izeneko igurtzitako kordofono bitxia ere.
Kolpatutakoak
Ttun-ttunaren kasuan hariak makila batez kolpatzen dira. Pianoa ere kordofonoen familian kokatzen da, teklak zapaltzean mailutxo batzuek hariak kolpatzen baitituzte, hotsa sortuz.
Noiztik ezagutzen dira hari instrumentuak?
Gaur egun ditugun hari-instrumenturik zaharrenak Mesopotamia eta antzinako Egiptokoak dira. Hala ere, adituek uste dute instrumentu hauek zibilizazio horiek sortu aurretik existitzen zirela. Forma goiztiar bat arku musikala izan zen. Makila malgu bat zen, punta batetik bestera hari bat tenkaturik zuena. Beste antzinako instrumentu batzuk naturako objektuekin egiten ziren, adibidez dortoken eta kalabazen oskolekin. Gaur egun hari-instrumentuak mundu osoan aurki daitezke. Gehienetan zurezkoak dira, eta hariak plastikozkoak edo alanbrezkoak.