Txikipedia:Haize instrumentu
Haize instrumentuak hotsa sortzeko airearen bibrazioa erabiltzen duten musika-tresnak dira. Tresna hauetan soinua sortzen duena tresnaren gorputzean zehar edo haren inguruan isurtzen den aire-korrontea da. Normalean, tresna jotzen duenaren beraren ahotik ateratzen da aire hori. Haize-instrumentuei aerofono ere deitzen zaie.
Aerofono gehienek (flautek, mihidunek eta ezpain bibraziozkoek) aire-zutabea ontzi batean gordeta dute. Baina badira aerofono libreak ere; hauetan, bibratzen duen airea ez dago tutu edo gorputz itxi batean barruan, libre baizik.
Mendebaldeko orkestra modernoetan, haize-instrumentuen artean metalezkoak (letoiz edo beste metal batez eginak) eta zurezkoak (zurez edo metalez eginak) bereizten dira. Metalezko haize-instrumentuak tronboia, tronpa, tronpeta eta tuba dira. Zurezkoak, berriz, klarinetea, saxofoia, txirula, oboea eta fagota.
Beste hainbat modutara sailka daitezke haize-instrumentuak; esaterako, soinua sortzeko moduaren arabera:
Flautak
Flautek bisela edo ertz zorrotza dute, eta aireak honen kontra jotzean hotsa sortzen da. Familia honetakoak dira, adibidez, txistua eta xirula, esku bakarrarekin jotzen direnak, edo txilibitua, zeharkako flauta eta okarina, bi eskurekin jotzen direnak.
Mihidunak
Haize-instrumentu mihidunek kanaberazko, metalezko edo plastikozko xafla fin luzexka bat dute, mihi izenekoa. Tresna batzuek mihi bat izaten dute, eta beste batzuek bi. Klarinetea eta saxofoia mihi bateko instrumentuak dira eta jotzaileak tresnaren ahokora airea sartzen duenean sortzen dute soinua; airea sartzean, mihiaren mutur meheak bibratu egiten du, mihiaren eta ahoaren arteko espazioa irekitzen eta ixten denean.
Mihi bikoitzeko instrumentuetan, aldiz, aireak bi mihien artean bibratzen du. Hauek, orokorrean, txirimia edo oboe bezala ezagutzen dira. Mendebaldeko orkestra modernoetan oboearekin lotutako beste hiru tresna daude: adar ingelesa, fagota eta kontrafagota. Kontrafagota orkestrako mihi bikoitzeko instrumenturik baxuena da, notarik grabeenak emateko gai dena, alegia.
Motak
- Mihi bakarrekoak: klarinetea, saxofoia, alboka, korneta...
- Mihi bikoitzekoak: oboea, dultzaina, gaita nafarra (dultzaina), txanbela, Supriñua, tutubia...
- Xirolarruak: zakudun gaita edo xirolarruek mihi bakuna zein bikoitza duten tutuak izan ditzakete.
- Mihi libreak: aho-soinua (harmonika), akordeoia, trikitixa, hegabera apeoa...
Ezpain bibraziozkoak
Aerofono hauetan, jotzailearen ezpainak ahoko piezaren kontra bibrarazi edo dardaratu behar dira aire-zutabea mugimenduan jartzeko. Orkesta modernoetan, talde honetan, tronpeta eta beste metalezko tresnak (bonbardinoa, tronboia eta tuba) daude, baita adarra ere. Ezpain bibraziozkoen taldean sailka ditzakegu, adibidez, Australiako didjeridoo delakoa, bai eta Alpe mendietako alphorn izeneko tronpa luzea ere.
Libreak
Aerofono libreek ez dute aire-zutabea gordetzeko ontzirik. Mugiarazten ditugunean airea moztuz hotsa ematen dute. Talde honetakoak dira, esaterako, burruna, firringila eta ziria. Haurrek jolasteko erabili izan dituzte Euskal Herriko txoko ezberdinetan.