Txikipedia:Haize
Haizea mugitzen ari den airea da.
Planetako eremu bero eta hotzen artean dauden tenperatura-diferentzien eraginez, presioa aldatu egiten da atmosferan, eta presio-aldaketa hori da airea mugiarazten duena.
Haize motak
Meteorologian, izen ezberdinak ematen zaizkio haizeari, bere abiaduraren eta noranzkoaren arabera.
- Abiaduraren arabera, haizea izan daiteke: haize kirria (haize leun eta atsegina), haize beltza (haize hotz eta gogorra), haize-zurrunbiloa, eta abar.
- Noranzkoaren arabera: ipar-haizea (iparraldetik datorren haizea), hego-haizea (hegoaldetik datorren haizea), eta abar.
Haizearen noranzkoa zein den jakiteko tresnarik ezagunenak bi ditugu: haize-orratza (aspaldiko tresna da; etxeen teilatuetan egoten da, batik bat) eta anemometroa (askoz ere modernoagoa).
Haizeak dituen eraginak
- Haizea garraiatzailea da: besteak beste, haziak leku batetik bestera eramaten ditu. Horrek polinizazioa laguntzen du.
- Haizea higatzailea da: batez ere, klima lehorreko lekuetan. Hondar-aleak leku batetik bestera eramaten ditu, eta paisaiak asko eralda ditzake.
Haizete arriskutsuak
Haizea, oso bortitza denean, arriskutsua izaten da.
Beldurgarriak izaten dira, adibidez, tornadoak (indar handiko haize-erauntsiak, kiribilean igotzen direnak) eta urakanak (haize guztiz indartsuko ekaitzak).
Haize-energia
Haizearen indarra aspalditik aprobetxatu du gizakiak. Lehen, haize-erroten bidez eskuratzen zuen gizakiak haize-energia edo energia eolikoa; gaur egun, berriz, haize-sorgailuak erabiltzen dira horretarako.