Txikipedia:Guruin
Guruina (latinetik glandem ezkur eta ulam txikia) zelula-multzo bat da substantzia kimikoak, hormonak esaterako, sortzen dituena, kasu gehienetan zirkulazioan dabilen odolean askatzeko, baina baita gorputzeko barrunbe baten barnean edo honen kanpoko azalean ere.
Substantzia hauek organismoaren mezulari kimiko gisa funtziona dezakete, bakoitzaren berezitasunaren arabera dagokien zelulara iritsi ahal izateko, edo hauek igorriak izan ondoren, ailegatu diren gunean zuzenean eragiteko.
Honako hauek dira gure gorputzeko guruin garrantzitsuenetako batzuk:
- Pankrea. Odoleko glukosa-maila neurtzen duen hormona bat jariatzen du: intsulina. Azken honen gabeziak diabetes izeneko gaixotasuna eragiten du.
- Gibela. Gure elikaduraren bitartez hartzen ditugun koipeak digeritzeko nahitaezko substantzia bat ekoizten du: behazuna.
- Tiroide guruina. Gorputzak sortutako energia eta haurrak modu orekatuan haztea/haurren hazkunde orekatua erregulatzeaz arduratzen den substantzia bat ekoizten du: tiroxina. Honen gabeziak nanismoa eragin dezake, hau da, pertsonak ez dira behar adina hazten eta helduak izan arren, garaiera txikia izaten dute.
- Barrabilak. Hormonak sortzen dituzte gizonek berezko ezaugarriak gara ditzaten; esaterako, ahots baxua, bizarra, gorputzeko ileak eta muskuluen garapena.
- Obulutegiak. Hauei esker emakumeek berezko ezaugarriak garatzen dituzte; esaterako, gizonek baino ahots altuagoa izatea, bularrak haztea eta aldakak zabaltzea.
- Bularrak. Hauek haurdun egon osteko emakumeetan esnea eratzen dute haurrak edoskitu ahal izateko.
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.