Txikipedia:Grabitate
Grabitatea objektuen artean sortzen den indar bat da, objektu horiek elkarrengana erakartzen dituena. Espazioan dauden objektu guztiek (eguzkiek, planetek, etab.) beste objektu batzuk erakartzen dituzte grabitate-indarraren eraginez.
Hori gertatzen da, adibidez, Lurraren eta Eguzkiaren artean, edota, lurrak erakarrita, zuhaitzetik lurrera erortzen diren sagarrekin; grabitateak halako indar batez erakartzen ditu objektu guztiak lurraren erdialderantz; horregatik erortzen dira, halako pisua dutelako.
Espazioan, berriz, zeruko gorputzen (planeta, ilargi, satelite, kometa eta abarren) orbitak existitzen dira grabitatearen ondorioz. Hau da, Eguzkia gure planetatik milioika kilometrora egon arren, Lurra eta eguzki sistemako beste planeta eta objektuak erakarri egiten ditu eta horregatik haren jiran mugitzen dira; bestela, espazioan libreki mugituko lirateke, lerro zuzenean. Bestetik, planetak ez dira Eguzkirantz erortzen, abiadura handiz mugitzen direlako beren orbitetan.
Gauza berbera gertatzen da Lurraren eta Ilargiaren artean: Ilargia gure planetaren inguruan jiraka ibiltzen da Lurraren grabitate-indarrak erakartzen duelako.
Gizakiak espaziora bidalitako espaziontzi eta satelite artifizialek ere antzera bidaiatzen dute Lurraren inguruan: grabitateak mantentzen ditu orbitan, eta haien abiaduragatik ez dira berriz erortzen lurrera.
Newtonen grabitate-legea
Airerik ez balego, zer esango zenuke erortzen dela azkarrago, mailu bat edo luma bat? Ziur? Begiratu beheko bideoa eta zuk zeuk ikusi. Eta pentsatzen ari bazara Ilargian daudelako erortzen direla horrela... ez da horrela. Airerik gabe Lurrean ere abiadura berean erortzen dira mailua eta luma.
Isaac Newton zientzialari britainiar bat izan zen, 1643an jaioa. Bera izan zen grabitateari buruzko teoria bat sortu zuen lehena. Esaten dutenez, sagar bat zuhaitzetik erortzen ikustean bururatu zitzaion teoria.
Hona hemen Newtonen teoriaren printzipioak:
- Objektu bat zenbat eta handiagoa izan, orduan eta gehiago erakarriko ditu beste objektuak. Adibidez, Eguzkiak masa oso handia duenez, Lurrak baino grabitate indar handiagoa du, Lurrak masa txikiagoa baitu. Hauts izpi batek ere badu grabitate-indarra, baina oso txikia, noski.
- Objektuak elkarrengandik zenbat eta urrutiago egon, orduan eta gutxiago erakarriko dute elkar.
- Objektu batek grabitateari esker lortzen duen abiadurak ez du objektuaren masarekin (zamarekin) zerikusirik.
Imanen artean gertatzen den erakarpen-indarra desberdina da, eta magnetismoa du izena.
Pisua berdina al da beti?
Grabitatea ez da bakarrik halako objektu baten pisuaren araberakoa, baina baita objektu hori dagoen lekuaren araberakoa ere. Alegia, astronauta bat indar gehiagorekin erakartzen du Lurrak Ilargiak baino; hori hala da Lurraren grabitate-erakarpena ilargiarena baino askoz indartsuagoa delako, eta hori lurra ilargia baino askoz astunagoa delako gertatzen da. Zehazki, Lurraren erakarpen-indarra Ilargiarena baino sei aldiz handiagoa da gutxi gorabehera. Horren ondorioz, astronauta batek 60 kilo pisatzen badu Lurrean, Ilargian 10 kg besterik ez du pisatzen, nahiz eta haren masa berdina izan leku batean eta bestean. Horregatik, Ilargian ibili diren astronautek oso jauzi edo salto handiak egiten zituzten, oso poliki gainera.