Txikipedia:Goroldio

Goroldioa landare txiki bat da, gehienetan berdea, lurraren, harrien edo enborren gainean belusaren itxurako multzoetan hazten dena. Ez du sustrairik eta leku hezeetan hazten da, basoetan bereziki. Landare mota hau landareen artean aintzinekoena da. Ez ditu ez lorerik, ez hazirik ez eta barne hodirik ura eta mantenugaiak garraiatzeko. Horregatik landare ez baskularra dela esaten da eta briofito taldean sailkatzen dira. Kolonietan, taldeetan pilatuta aurkitzen dira eta erresistentzia handiko landareak dira: adibidez, nahiz eta tenperatura baxuetan izoztu, bizitzen jarraitu dezakete.

Goroldioa izoztuta

Tamainari dagokionez, goroldio espeziearen arabera, zentimetro batetik hamarrera bitarte neurtzen dute gehienetan, baina beste kasu batzuetan berriz, zenbait espeziek gehiago neur dezakete.

   Ba al dakizu   
Batzuetan, goroldioa gabonetan jaiotzak apaintzeko erabiltzen zen.
Zoritxarrez, gaur egun ohitura hori ezin da mantendu, kalteak sortzen baitira. Izan ere, goroldioa babesturik dago bere presentzia mantentzeko ahaleginetan.

Landare "aitzindariak" direla esaten da: lurrik ez dagoen lekuetan hazten dira eta, denbora igarotzean, haiek osatzen dute zorua, haien gainean beste landare batzuk hazi ahal izateko.

Bestalde, goroldioek betetzen duten funtziorik garrantzitsuena euri ura biltzea da. Horrela, goroldioak klima heze eta hotzetan aurki daitezke. Hala ere, noizean behin, ur azpiko gainazaletan ere kokatzen dira. Hezetasuna eta ura gordetzeko ahalmen horri esker, inguru oso egokiak izaten dira izaki bizidun txiki askorentzat, zenbait artropodorentzat, akaroentzat eta nematodentzat, adibidez.

Goroldioek paper garrantzitsua jokatzen dute ingurune askotan: beste landareentzat zailak diren lekuetan hazten dira, eta likenekin batera, landaretza nagusia osatzen dute tundran, mendi-goialdeetan edo zohikaztegietan.

Askotan esaten da goroldioa zuhaitzen iparraldeko zatian hazten direla, baina ez da horrela: zuhaitzaren zatirik hezeenean ateratzen dira batez ere.

Nola elikatzen dira?

Autotrofoak dira, hau da, gainerako landareak bezala, beren elikagaia sortzen dute fotosintesiari esker. Molekula inorganikoetatik (ura eta gatz mineralak) abiatuz molekula organikoak sintetizatzeko gai dira eta prozesu honetan honako pausu hauek burutzen dira:

  1. Goroldioek, sustrairik ez dutenez, gorputz osoaz baliatzen dira ura xurgatzeko eta urarekin batera, gatz mineralak ere lortzeko. Eskuraturiko ur eta gatz mineralen nahasketa honi izerdi landugabea deritzo.
  2. Izerdi landugabea hori kloroplastoetara eramaten da. Hau da, fotosintesia egiteko landareen funtsezko organuluetara.
  3. Izerdi landugabea landu bihurtu: kloroplastoek fotosintesiaren bidez, gai organikodun izerdi landua bihurtu dute. Izerdi landu hau da landareen elikagaia, zeineri esker, hazi eginten dira eta energia lortzen dute.
  4. Izerdi landua landarean zehar garraiatu: goroldioak ez dute sistema baskularrik, baina oinarrizko elementu zelular espezializatuak dituzte izerdia garraiatzeko. Beraz, izerdi landua, elikaduraz beteta, goroldio osoan zehar garraiatzen da zelula guztietara iristeko. H
Goroldioak dauzkan atalak. Kasu honetan sustraiak sasi-sustraiak dira, zurtoinak bezala. Izan ere, egitura horiek ez dira benetazko egiturak, goroldioek ez baitute ehun baskular espezializaturik

Zer atal dauzka?

Goroldioak landare txiki eta sinpleak izan arren, hainbat atal bereiz daitezke bakoitzaren funtzioak kontuan izanik:

  • Landarearen azpialdean sustraiaren antzekoak diren ile edo errizoide batzuk dituzte, hauen funtzio nagusia goroldioa lurrari finko eustea da (aurretik esan bezala, ura gorputz osoan zehar zurgatzen dute).
  • Zurtoin txiki bat daukate, kasu honetan kaulidio izenekoa ez baita benetazko zurtoina, eta hosto txiki antzekoak izaten dituzte inguruan, filidio izenekoak. Oinarrizko elementu espezializatu hauei esker, bereganatutako izerdi landugabea eta sorturiko izerdi landu berria garraiatzen dute landare osoan.
  • Goroldioaren gorputzetik zutabetxo fin bat ateratzen da muturrean kapsula lodiago bat duela. Bertan, esporak sortzen dira goroldioen ugalketa bermatzeko.
  • Jakin beharrekoa da, landare hauen kasuan lorerik gabekoak direnez, ez dutela ez lorerik, ez hazirik, ez fruiturik sortzen, eta aipatu bezala, esporen bidez ugaltzen dira.


Nola ugaltzen dira?

Goroldioek, guk ez bezala, ugalketa asexuala zein sexuala dute. Goroldioak haztean, emeak eta arrak bereizten dira hasieratik. Ondorioz, beste goroldio batzuk sortzeko prozesua, gameto arrak askatu eta gameto emearekin bat egitean ekingo da. Bi gameto (ugalketan parte hartzen duten zelulak, adibidez, oiloetan arrautzak) hauek batzean, zigoto zelula osatuko da eta jarraian hazten joan ahala, esporofitoa sortuko da. Honek barnean, zenbait espora bilduko ditu kapsula batez inguratuta. Amaieran, kapsula ireki eta esporak askatzen dira berriro ere gainazalean goroldio gehiago hazteko.


Goroldioaren bizi-zikloa azalpena.



Zertarako erabiliak izan dira?

Errekako kutsadurari aurre egiteko:

Zenbait erreka eta ibai hidrokarburoez, substantzia toxikoez, kutsatuta egoten dira askotan. Arazo hau konpontzeko, goroldioa izan daiteke bide bat, hidrokarburoak bereganatzeko gaitasuna baitute.


Nekazaritza landa bat.

Usteldu ostean: Landareetan deskonposizio partziala gertatzearen ondorioz zohikatza sortzen da, eta honako hau, goroldioen kasuan oso erabilgarria izan daiteke baratzegintzan batez ere. Espezie honen hezetasuna mantentzeko gaitasunarengatik, laborantzarako egokia izaten da lurrari gehitzerako garaian.

Medikuntzan: Hainbat goroldiok propietate antibiotiko eta tumoreen kontrakoak dituztela jakin dute zientzialariek analisi kimikoen bidez. Goroldioen estraktuek fenolikoak dituzte, eta horiek onddo eta bakterioen hazkuntza galarazten dutela frogatu dute. Ikerketen ostean, laborategiko animalietan estraktu horien kontzentratuek tumoreen kontrako gaitasunak dituztela ikusi dute.

Horrez gain, goroldio batzuk hainbat propietate antiseptiko ere badituzte, eta horregatik, lagungarriak izaten dira zauriak sendatzeko. Gainera, goroldioak kotoiak baino xurgatzeko gaitasun handiagoa du, eta II. Mundu Gerran, soldaduen zauriak sendatzeko kotoia falta zenean, goroldioa erabiltzen zuten.


Arriskuan al daude?

Bai, egun goroldio espezie asko desagertzeko arriskuan daude. Horregatik dagoeneko ezin da mendira joan eta goroldioa hartu. Denon artean goroldioa babestea oso garrantzitsua da.


This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.