Txikipedia:Globulu gorri

Globulu gorriak (eritrozito edo hematie ere deituak) odolean dauden egitura batzuk dira. Haien funtzio nagusia biriketatik oxigenoa hartu eta gorputzeko atal guztietara garraiatzea da.

Globulu gorria ezkerrean; plaketa, erdian; eta globulu zuria, eskuinean.

Ezaugarriak

Globulu gorriak disko-itxurako zelulak dira eta ez dute nukleorik ezta mitokondriorik ere. Gorriak dira hemoglobina izeneko proteina bat dutelako, zeinak karbono dioxidoa eta oxigenoa garraiatzen dituen.

Oro har, lau milioi eta erdi eta bost milioi bitarte globulu gorri daude odol milimetro kubiko bakoitzean (hogeita bost bilioi, gutxi gorabehera, giza-gorputz osoan). Odolaren osagaietako ugarienak dira globulu gorriak, odolaren %44 baitira.

   Ba al dakizu   
Nahiz eta gorputzean lau hilabete baino ez duten irauten, eritrozitoek organismo osoan zehar 170.000 bira baino gehiago eman ditzakete denbora-tarte horretan.

Globulu hauek denbora laburra irauten dute, baina etengabe berritzen dira (hau da, etengabe sortzen dira berriak). Eskuarki, sortu eta 130 egunetara, barean edo gibelean suntsitzen dira.

Globulu gorrien lana oso garrantzitsua da. Gure gorputzeko zelulek oxigenoa behar dute funtzionatu ahal izateko. Odolean dauden globulu gorriek oxigenoa hartzen dute biriketan, eta oxigeno hori eramaten dute gorputzeko zelula guztietara.

Globulu gorriak hezur-muinean sortzen dira. Hezur-muina gure hezurretako egitura berezi bat da. Hezur-muinak oso azkar lan egiten du, segunduoro 2-3 milioi globulu gorri fabrikatzen dituelako.


This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.