Txikipedia:Glaziar

Glaziar edo hormagunea lurrazalean elurra pilatzen eta gogortzen denean sortzen den izotz-masa handi bat da, oso astiro mugitzen dena. Glaziarrak mendi garaietako ibarretan eratzen dira, edo eremu polarretan, neguko elur-prezipitazioak udan urtzen den elurra baino gehiago direnean.

Lurraren % 10 dago glaziarrez estalita eta planetako ur gezaren hiru laurden dute. Gaur egun, glaziar gehienak Antartikan daude, eta gutxixeago Groenlandian. Gainerakoak planetako beste eremu garai batzuetan daude.

Mugimendua

Mendietan eratzen diren glaziarrak aldapa behera mugitzen dira, ibaiak bezala, baina oso astiro; hain zuzen ere, urtean 10 eta 100 metro artean bakarrik mugitzen dira. Mugitu ahala, beren pisuagatik, mendi-magalak eta ibarraren hondoa higatzen dituzte.

Glaziar baten zatiak

Glaziar baten deskripzioa.

Glaziarrek hiru zati dituzte:

  • Zirkua: mendiz inguratutako depresioa da, elur iraunkorren maila baino gorago dagoena. Zirkuan, elurra izotz-glaziar iraunkor bilakatzen da, eta urdin geratzen da.
  • Mihia: bere formagatik du izen hori. Ibarrean behera mugitzen den izotz-masa da, eta ibarrari “U” forma ematen dio higaduraren bitartez. Atal honetako higadura oso handia da, pilatutako izotz-masaren pisu handiagatik eta daramatzan materialen frikzioagatik.
  • Glaziarraren aurrealdea: mihia urtzen den eta eraman dituen materialak geratzen diren zatia da. Material horiei morrena deitzen zaie. Glaziarra desagertzen bada, morrenak ibarra buxa edo itxi egin dezake, eta, hori gertatzen bada, urmael bat sortzen da.

Glaziarrak eta klima aldaketa

Klima aldaketaren ondorioz, glaziarrak urtzen ari dira ia mundu osoan zehar. Pirinioetan, behinola, glaziar asko zeuden, baina horietako asko desagertzen ari dira.

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.