Txikipedia:Giza eboluzioa
Giza eboluzioa gizakien jatorria eta bilakaera azaltzen dituen gertaera da. Lehen gizakiak nondik datozen, noiz bizi izan ziren eta nola bizi izan ziren azaltzen du. Gizakien jatorriari buruzko uste desberdinak daude, baina zientzialariak bat datoz esatean tximinoekin nolabaiteko harremana zuten arbaso zahar batzuengandik eboluzionatu zutela hainbat milioi urtetan zehar. Izaki mota batengandik hasita beste izaki mota bat bilakatuz joateko prozesuari deitzen zaio eboluzioa.
Gizaki modernoak hainbat arbasorengandik eboluzionatu zuten, hainbat etapa edo pausotan. Arbaso horien gorputza eta ezaugarriak aldatuz joan ziren denborarekin; adibidez, haien burmuina handitu egin zen, masailezurrak eta hortzak txikiagoak bihurtu ziren. Noizbait, gizakien arbasoak zutik ibiltzen hasi ziren eta tresnak eta erremintak erabiltzen ere bai. Horren eraginez, haien hanka, oin, esku eta beste gorputz-atal asko ere aldatu egin ziren.
Zientzialariek proba asko dituzte gizakien jatorria nolakoa izan zen ulertzeko. Haietako asko, gizaki haiek utzitako fosilak dira; hau da, lurpean kontserbatutako hondakinak, hezurrak batez ere. Fosilak aztertzen dituen zientziari paleontologia deitzen zaio. Zientzialariek duela ehunka mila urte bizi izandako hainbat gizakiren fosilak eta tresnak dituzte, eta etangabe aurkitzen dira berriak. Aurkikuntza horiengatik, askotan, zientzialariek teoria desberdinak izan dituzte gizakien jatorriari eta eboluzioari buruz.
Gizakiak tximinoengandik datoz?
Hori askotan esaten den arren, zientzialariek diote bai tximinoak eta bai gizakiak arbaso komun batengandik eboluzionatu zutela. Baina tximinoak eta lehen gizakiak duela 8 eta 5 bitarte miloi urte hasi ziren bereizten arbaso komun horrengandik hasita. Horren ondoren, haietako bakoitza bere modura eboluzionatuz joan zen.
Hala ere, gizakiok eta tximinoek elkarrekiko harreman handia dute. Zientzialari askoren ustez, tximino handienak (txinpantzeak, bonoboak, gorilak eta orangutanak) eta gizakiak familia zientifiko bereko kideak dira. Baina, jakina, diferentzia oso handiak daude gizakien eta tximinoen artean. Horregatik, zientzialariek talde txikiagoetan banatu dute familia hori. Horrela, orangutanak Ponginae izeneko leinu edo talde bateko kideak dira; gorilak, txinpantzeak eta bonoboak, aldiz, Gorillinoen leinu kideak dira. Eta gizakiak Homininoen leinukoak. Homininoen leinua, beraz, gizakiak eta haren arbaso guztiak biltzen dituen leinua da, gizakien lehen arbasoak tximinoekin zuten arbaso komun horrengandik banatzen eta bereizten hasi zirenetik aurrera.
Homininoak
Gaur egun, hominino leinuko espezie edo mota bakarra dago bizirik: gizaki modernoa. Iragan urrunean, bi hominino espezie edo gehiago bizi izan omen ziren aldi berean. Zientzialariak ez daude beti ados esateko zein espezie diren beste espezie baten zuzeneko arbasoak. Baina hominino guztiak oso estuki loturik daude.
Australopitezinoak
Homininoen leinuko arbasorik zaharrenetako batzuk dira. Hainbat espezie desberdin zeuden. Fosilengatik dakigu Afrikan bizi izan zirela duela 4 eta 2,5 bitarte milioi urte. Fosil ospetsuenetako bat "Lucy" izenekoa da, Etiopiako lurrean aurkitutako eskeleto partzial (osorik ez dagoena) bat. Lucyren hezurrek 3 milioi urte inguru dituzte.
Australopitezinoek tximinoekin partekaturiko ezaugarriak zituzten; adibidez, gaurko gizakionak baino burmuin txikiagoak. Gainera, erraztasun handia zuten zuhaitzetara igotzeko. Baina, gizakiak bezala, bi oinen gainean ibil zitezkeen. Haien hanka, oin, belaun eta pelbis hezurrak aztertuz dakite hori zientzialariek. Bestetik, espezie horrek utzitako oin-aztarna batzuk ere aurkitu izan dira Tanzanian.
Gizakiak
Lehen gizaki-espezie edo forma batzuk bizi izan ziren duela 2 eta 1,5 bitarte milioi urte. Gizaki-espezie guztiak dira Homo zientzia-izena duen talde bateko partaide. Giza espezie guztien zientzia-izenak Homo hitzarekin hasten dira denak.
Lehen gizaki haiek australopitezinoak baino burmuin handiagoak eta masailezur eta hortz txikiagoak zituzten. Haien portaera, seguru aski, gaur egungo gizakienaren antzekoagoa ere ba omen zen. Esate baterako, Homo habilis izeneko espezie zaharreko kideak harrizko tresnak erabiltzen hasi ziren animalien haragia ebakitzeko. Beranduagokoak dira beste espezie batzuk: Homo erectus eta Homo heidelbergensis direlakoak. Zientzialariek uste dute espezie horiek bazekitela sua erabiltzen janaria prestatzeko.
Neandertal (Homo neanderthalensis) espezieko gizakiak, dirudienez, gizaki modernoekin batera bizi izan zen, aldi berean edo beretsuan. Baina duela 28.000 urte inguru desagertu egin ziren. Oso lotura handia zuten gizaki modernoekin; baina zientzialari gehienek uste dute neandertalak ez direla gizaki modernoen zuzeneko arbasoak.
Seguruenik, gizaki modernoak duela 200.000 eta 100.000 bitarte inguru garatu ziren. Espezie honen zientzia-izena Homo sapiens da. Zientzialari askoren ustez, lehen gizaki moderno hauek Afrikan eboluzionatu zuten eta gero Europa eta Asiara zabaldu ziren, eta ondoren Amerika eta Ozeaniara. Gizaki modernoak zehazki nola sortu ziren, zientzialariak oraindik aztertzen ari diren kontua da.
Ikus, gainera
Irudiak
- Neandertal gizakiak