Txikipedia:Gitarra
Gitarra pultsatutako hari-instrumentua (kordofonoa) da. Musika mota askotan erabiltzen da: rock, pop, country, flamenkoa... Normalean sei hari edo soka izaten ditu, baina badira lau, zazpi, zortzi, hamar eta hamabi dituzten gitarrak ere.
Nolakoa da?
Gitarra klasikoak zortzi baten itxurako erresonantzia kaxa izan ohi du, aho edo zulo batekin. Kaxatik giderra ateratzen da, traste edo koskak izan ohi dituena. Giderrak goialdean hariak afinatzeko larakoa du. Larakoaren eta zubiaren artean sei hari izan ohi ditu tenkatuta.
Nola jotzen da?
Esku batekin giderra harturik, hatzekin hariak zapalduz nota ezberdinak ematen dira. Beste eskuarekin, hatzez edo plektroz, hariak pultsatzen dira, bibraraztean hotsa eman dezaten.
Soinua harien bibrazioengatik sortzen da eta gitarraren kaxak soinu hori handitu egiten du; hori bera anplifikadore bat erabiliz ere lor daiteke, baita bolumena aldatu ere.
Gitarra motak
Klasikoa
Gitarra klasikoa edo espainiarra musika klasikoan eta flamenkoan erabiltzen da batik bat, bai eta folk musikan ere.
Elektrikoa
Gitarra elektrikoa rock, blues eta pop musikan zabalduta dago, besteak beste.
Gitarraren jatorria
Gitarraren jatorria ez dago oso garbi zein den. Antzina antzeko musika tresna asko erabiltzen ziren. Historian zehar, antzeko tresna asko egon dira. Antzinako Egiptoko marrazkietan gitarraren antzeko zerbait aurkitu da. Beraz, aspaldiko tresna dugu gitarra.
Gitarra euskal herri-musikan
Gitarra dugu hari taldeetako edo errondailetako soinu-tresnetako bat. Esaterako, Lekeitioko Estudiantinaren emanaldietan ikus dezakegu.
Beste kasu askotan, ahotsari laguntzeko erabiltzen da, bera izanik abeslariari laguntzen dion soinu-tresna bakarra, doinua, armonia eta erritmoa jarriz.
Gitarra jole asko izan da gurean, baina zalantzarik gabe, gure herriaren historian izan dugun ospetsuena Jose Mari Iparragirre (1820-1881) izan da. Hark sortutako kantuei laguntzeko gitarra erabili ohi zuen. Horrela ibili zen Euskal Herrian eta munduan zehar. Bazuen bere kantuen artean, gitarrari eskainitako kantu ezagun bat:
Gitarra zartxo bat da neretzat laguna
honela ibiltzen da artista euskalduna
egun baten pobre beste batez jauna
kantari pasatzen det nik beti eguna.
Gaur egun, abeslari asko aritzen dira Iparragirre aritu zen modu berean, hau da, herri kantu edo bestelakoak gitarraren laguntzaz emanez.
Bestalde, Nafarroako Erriberan gitarrak berezko jotzeko modua garatu du, bereziki jota saioetan. Hemen, gitarra joleek bertako estiloan ahotsari laguntzen diote, jotaren aire libreari jarraituz.
Entzun nahi?
Ondoko bideoan klik eginez entzun dezakezu gitarra: