Txikipedia:Gipuzkoa

Gipuzkoa Euskal Herria osatzen duten zazpi probintzietako bat da eta kostaldean dago kokatua. 1.980 kilometro karratu ditu eta 2021ean, 726.033[1] biztanle zituen, horien laurdena hiriburuan bizi direlarik, Donostian alegia. 88 udalerriz osatuta dago probintzia hau.

👨‍👨‍👦‍👦
Biztanleak
726.033
🔎
Azalera
1.980 km²
🏙️
Hiriburua
Donostia
📷
Argazkiak
ikusi
🗺️

Gipuzkoaren kokapena Euskal Herrian.

Geografia

Mugakideak

Gipuzkoako ibai nagusiak.

Gipuzkoak iparraldean Bizkaiko golkoa du mugakide; mendebaldean, Bizkaia; hegoaldean, Araba eta Nafarroa Garaia; eta ekialdean, Nafarroa Garaia eta Lapurdi.

Ibaiak

Gipuzkoako ibaiak laburrak dira iturburuak sortzen diren mendiak itsasotik hurbil daudelako. Mapan eskubitik ezkerrera begiratuta, hauek dira ibai nagusiak: Deba, Urola, Oria, Urumea, Oiartzun eta Bidasoa.

Mendiak

Gipuzkoako mendi nagusiak.

Gipuzkoa kostaldean egon arren, menditsua da. Mendiak ez dira oso altuak. Hauek dira mendi nagusiak: Aizkorri (1.528 metro), Ganboa (1.402 metro), Txindoki (1.346 metro). Horiez gain aipagarriak dira hurrengoak: Elgea, Aloña, Zaraia, Murumendi eta Erlo.

Kostaldean itsasadarrak, lurmuturrak eta hondartza asko daude. Hondartzak txikiak dira, baina oso turistikoak.

Klima

Klima epela eta hezea du. Tenperatura-aldaketa handirik ez da izaten urtean zehar, eta euria urte osoan zehar egiten du, hau da, klima ozeanikoa du.

Historia

Probintzia honetako giza aztarnarik zaharrenak Praileaitzen eta Lezetxikin aurkitu dira. Praileaitzeko aztarnek 200.000 urte inguru dituzte. Aurkitu diren kultura aztarna zaharrenak Paleolitokoak dira.

Erromatarrak heldu zirenean, hiru leinu bizi ziren lurraldean: Karistiarrak, Deba ibaiaren ezkerraldean, baskoiak , Oiartzun ibaiaren eskuinaldean eta barduliarrak, bi ibai horien artean.

Erromatarren aztarna gehien Irunen, Oiartzunen eta Hondarribian topatu dira. Irun izan zen garai hartan bizigune garrantzitsuena.

Erdi Aroan Iruñeko eta Nafarroako Erresumaren parte izan zen Gipuzkoa. 1199an, Gaztelako Erresumak konkistatu zuen, Nafarroako Erresuma ahuldu nahian.

XIII. mendetik aurrera hasi ziren Gipuzkoako hiriak antolatzen eta antzinako haran egitura hautsi zuen hirien sorrerak. Garai horretan Gaztela eta Nafarroako gatazkak areagotu ziren.

XIV. mendean osatutako hiri ordenamendu berriak aldakuntza handiak ekarri zituen. Gipuzkoako Hermandadeak garrantzia handia hartu zuten.

XV. mendean portuak eta ontziolak asko indartu ziren. Arrantzale, marinel, merkatari eta itsa teknikariei esker burgesia molde berri bat sortu zen.

XVI. mendean Ameriketara zabaldu zen itsas merkataritza. Frantziatik oztopo ugari izan zituen. Militar, itsasgizon, idazkari eta eskribau gipuzkoar askok Espainiako koroari lagundu zioten merkataritza arloan.

XVII. mendean merkataritzak behera egin zuen. XVIII. mendean Gipuzkoako foruak eraso bortitzak jasan zituen.

XIX. mendean foruen inguruko liskar asko egon ziren. Lehen, Bigarren eta Hirugarren Karilistaldiak gertatu ziren. Gipuzkoako burdingintza eta industria garatu ziren. Horrek lurraldea indartzea eta lehen talde nazionalistak eta langile elkarteak sortzea izan zuen ondorio.

XX. mendean, 1931an, Espainiako Errepublika aldarrikatu zen Eibarren. 1936an, Gerra zibilaren ondorioz Gipuzkoa Frankisten menpe geratu zen. 1976ra arte Francoren Diktaduran bizi izan ziren.

Ekonomia

Gipuzkoan Bigarren sektoreak du garrantzia handiena, baina Hirugarren sektoreak gero eta indar handiagoa du. Lehen sektoreak ere badu bere indarra, batez ere barnealdean.

Demografia

Gipuzkoak 2021ean 726.033[2] biztanle zituen eta guztira 89 udalerri ditu.

Gipuzkoako eskualde eta udalerriak.

Hauek dira hiri nagusiak (2022ko urtarrilaren 1eko datuen arabera):

  1. Donostia (188.102 biztanle)
  2. Irun (62.933 biztanle)
  3. Errenteria (39.219 biztanle)
  4. Eibar (27.467 biztanle)
  5. Zarautz (23.271 biztanle)

Gipuzkoan guztira 7 eskualde daude: Debabarrena, Debagoiena, Donostialdea, Goierri, Bidasoa, Tolosaldea eta Urola Kosta.

Euskara

Gipuzkoako hizkuntza ofizialak Euskara eta Gaztelania dira. Hiru euskalki nagusi bereizten dira euskal lurraldean: gipuzkera (nagusia), bizkaiera (mendebaldean) eta goi-nafarrera (ipar-ekialdean). 2016ko datuen arabera[3], Gipuzkoa zen euskaldunen ehuneko handiena zuena (%50,6 elebidun eta % 20,4 elebidun hartzaile).

Argazki galeria



  1. (Gaztelaniaz) «Gipuzkoa: Población por municipios y sexo. (2873)» INE (Noiz kontsultatua: 2022-02-01).
  2. (Gaztelaniaz) «Gipuzkoa: Población por municipios y sexo. (2873)» INE (Noiz kontsultatua: 2022-02-10).
  3. «Informes y documentos: Uso del euskera» www.eustat.eus (Noiz kontsultatua: 2022-02-16).
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.